Auzoetan proiektuen exekuzioak bizkortzeko helburuz, Irisgarritasun Unibertsalerako Udal Ekintza Plana prestatzea eskatu dio Galdakaoko PSE-EEk Udal Gobernuari. Horretarako, mozio bat aurkeztuko du martxoko udal osoko bilkuran.
Galdakaoko PSE-EEk salatu du «auzo askotan auzokideek denbora gehiegi daramatela irisgarritasunaren eta auzoen hobekuntzaren arloan bete gabeko promesak jasotzen Udalaren partetik», eta egoera argitzeko eta jarduketa horiek gauzatzeko garaia dela azpimarratu du.
Horregatik, auzoetan proiektuen exekuzioak bizkortzeko helburuz, Irisgarritasun Unibertsalerako Udal Ekintza Plana prestatzea eskatuko diote sozialistek Udal Gobernuari. Mozio baten bitartez eskatuko dute, martxoko udal osoko bilkuran.
Plan horretan «udalerrian igogailuak eta arrapala mekanikoak eraikitzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak, gauzatze-epeak eta lehentasun-irizpideak, besteak beste, argi ezar ditzan» eskatu dio Victor Trimiño sozialisten bozeramaileak Udal Gobernuari.
Sozialisten arabera, Irisgarritasun Unibertsalerako Udal Ekintza Planak «Galdakaoko bizilagunen aniztasun funtzionala, sentsoriala eta kognitiboa modu zeharkakoan kontuan hartu behar du politika publikoen, laguntzen, ekipamenduen eta espazio publikoen, ordenantzen eta dirulaguntzen, udal zerbitzuen eta abarren diseinuan, baita arlo horretan dauden oztopoak ere».
Trimiñok adierazi duenez, adibide bezala, «Zuatzaurre, Urtebieta, Zabalgane edo Zubiaurretarren-Elcano auzoetako bizilagunak nekatuta daude Udalaren aldetik bete gabeko promesak jasotzeaz, igogailuak edo arrapala mekanikoak bezalako proiektuei buruz hitz egiten denean. Betierekoak diren azterketekin eta proiektuekin nekatuta, aldian-aldian iragarki berberak entzutearekin, behin eta berriz, baina baldosa bat mugitu gabe».
«Mugikortasun urriko pertsonen, aniztasun funtzionala, intelektuala, sentsoriala edo kognitiboa duten pertsonen ikuspegia eta beharrak gure zerbitzu, ekipamendu eta politika publikoen diseinuan modu zeharkakoan txertatzeko beharra tokiko ekintza politikoaren ezinbesteko osagaia izan behar da», azpimarratu du Trimiñok.
Sozialistek herritarren aurrean gardentasun-ariketa egin dezan eskatu diote ere Udal Gobernuari: «Alegia, plangintza honen bidez Galdakaoko auzo desberdinetako eta udalerri osoaren egungo egoera, jarduketak eta etorkizuneko aurreikuspenak argitu daitezen».
Aurkeztutako mozioan, sozialistek eskatuko dute «dagoeneko egindako azterlanak eta proiektuak, baita herritarren parte-hartze prozesuetan jasotako eskaerak ere, plangintzan txerta daitezen, prozesua aberasten lagunduko duten herritarren parte-hartzerako eta gizarte-erakundeen parte-hartzerako formula berriak bultzatzeari kalterik egin gabe, eta genero-ikuspegia planean eta dagozkion ekintzetan txerta dadila».




