Galdakaoko Udalak 47,6 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du 2026rako

Irudiak: Irati Alonso García

Datorren urteko aurrekontu proiektua aurkeztu du Galdakaoko Udal Gobernuak, 47.607.053 eurokoa hain zuzen, aurtengoa baino %3,08 txikiagoa. Zerbitzuek izango dute lehentasuna eta gaur arratsaldeko ez ohiko osoko bilkuran onartzea aurreikusi dute gobernuko taldeek.

EH Bilduk, Auzoakek eta Usansolo Herriak osatutako Galdakaoko Udal Gobernuak gaur goizean aurkeztu du 2026rako aurrekontua. Xehetasunak Edurne Espilla jarduneko alkateak eta Alberto Ealo Ogasun zinegotziak eman dituzte udaletxeko pleno aretoan egindako agerraldian eta hitzorduan Usansolo Herria plataformako Iñaki Urgoitik eta Auzoakeko Toño Gonzalezek ere parte hartu dute.

Ealok azaldu duenez, 47.607.053 eurokoa izango da datorren urteko aurrekontua, aurtengoa baino %3,08 txikiagoa. Murrizketa horren arrazoi nagusiak bi dira: Usansolori gero eta zerbitzu gutxiago eskaintzea eta mailegu gisako pasibo finantziarioen desagerpena.

«Usansolok oraindik bere kabuz eskaini ezin dituen zerbitzuak eskaintzen jarraitzen ditu Galdakaok, baina gero eta gutxiago dira. Beraz, horretarako bideratutako gastua eta trukean Usansoloko Udalak Galdakaokoari ordaintzen dion kopurua murrizten doa», adierazi du Ogasun zinegotziak. Maileguaren desagerpenaren inguruan berriz, Udal Gobernuarentzat «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du.

Galdakaoko Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, lau eremutan banatuko da aurrekontuaren kopuru osoa: zerbitzuak (%54), giza baliabideak (%29), inbertsioak (%10) eta dirulaguntzak (%7).

Hortaz, zerbitzuek izango dute lehentasuna aurreko urteetan bezala eta atal horren baitan Urreta kiroldegia handitzeko proiektua aipatu du Espillak: «Udazkenerako zerbitzu osoago eta zabalago bat eskaintzea da asmoa».

Galdakaoko kaleak txukun mantentzeko helburua ere azpimarratu du jarduneko alkateak, eta horretarako 6,4 milioi euro bideratuko dituztela azaldu du.

Inbertsioei dagokienez, «ikusezinak diren baina auzoetarako ezinbestekoak diren» saneamenduak eta ur hornidura aipatu dituzte udal ordezkariek, eta baita Urretan haurreskola berria martxan jartzeko bideratutako kopurua, 500.000 eurokoa.

Halaber, Emakumeen Etxearen proiektua nabarmendu dute. «Datorren urtean hasiko dira obrak eta 1,6 milioi euro bideratuko ditugu horretarako. Prozesu luzea izan da proiektua martxan jarri zenetik, emakumeek euren etxea nola izango den erabakitzea nahi izan dugulako», azaldu du Espillak.

Azkenik, dirulaguntzen atalean hiru mota ezberdindu dituzte Udal Gobernutik: elkarteei zuzendutakoak, ekonomia sustatzeko zuzendutakoak eta pertsonei zuzendutakoak. Azken horien inguruan, progesibitatea aplikatzen jarraituko dutela nabarmendu du Espillak, «gutxien dutenek gehien jaso dezaten».

Hauek izango dira atal bakoitzaren kopuruetako batzuk:

Zerbitzuak
Zabor bilketa: 3.100.574 €
Kirol zerbitzua: 2.608.400 €
Kaleen mantenimendua eta lanak: 344.000 €
Kultur programazioa eta sustapena: 893.970 €
Kale garbiketa: 3.350.000 €
Ingurumena: 114.884 €
Argiteria: 721.851 €
Gazteria: 337.000 €
Lorezaintza: 2.500.000 €
Berdintasuna: 239.000 €
Galdabusa: 537.902 €
Parte-hartzea: 83.209 €
Migrazioa: 78.500 €
Drogodependentziarekiko prebentzioa: 56.500 €

Inbertsioak
Emakumeen Etxea: 1.600.000 €
HAPO berritzea: 125.000 €
Saneamendua: 500.000 €
Ur hornidurara: 500.000 €
Argiteria berriaren inbertsioak: 60.000 €
Informatika: 106.235 €
Urretako kiroldegia: 1.000.000 €
Haurreskola berria: 500.000 €

Dirulaguntzak
Eskola materiala: 27.000 €
Bekak Musika Eskola: 20.000 €
Enplegu Plana: 600.000 €
Gu Dendari Elkartea: 300.000 €
Erletxeko Enpresari elkartea: 75.000 €
Komertzioak eraberritzeko: 82.000 €
Kirol elkarteei laguntza: 378.600 €
Kirol Bonoa: 50.000 €
Kultur elkarteei laguntza: 127.960 €
Berdintasun arloko elkarteak: 25.000 €
Euskara ikasleentzat bekak: 15.000 €
Irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa: 120.000 €
Garapenerako lankidetza: 100.000 €
Gazteen emantzipaziorako laguntzak: 50.000 €
Gizarte ekintzako dirulaguntzak: 750.000 €
Auzoetako ekimen eta jaietarako: 62.500 €
Auzotaxia: 25.000 €

Udal Gobernuak aurrekontua gaur arratsaldean egingo den ez ohiko osoko bilkuran onartzea aurreikusi du. Hemen Ealoren eta Espillaren hitzak aurrekontuaren inguruan:

situs togel

situs toto