Galdakaoko Udalak 48 milioi euroko aurrekontua onartu du hurrengo urterako
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Hurrengo urteko aurrekontua aurkeztu du Udal Gobernuak, 48.744.464 eurokoa hain zuzen, aurtengoa baino %4,91 handiagoa. Zerbitzuek eta inbertsioek izango dute lehenetasuna eta abenduaren 21eko osoko bilkuran onartzea aurreikusi dute gobernuko taldeek. Albiste honetan batu ditugu aurrekontuaren xehetasunak.
EH Bilduk, Auzoakek eta Usansolo Herriak osatutako Udal Gobernuak aurkeztu du 2024rako aurrekontua. Atzo eman zituzten xehetasunak Iñigo Hernando alkateak eta Alberto Ealo Ogasun zinegotziak, udaletxeko pleno aretoan egindako agerraldian. Hitzorduan EH Bilduko Edurne Espillak, Usansolo Herriako Iñaki Urgoitik eta Auzoakeko Toño Gonzalezek ere parte hartu zuten.
Ealok azaldu zuenez, 48.744.464 euroko izango da hurrengo urteko aurrekontua, aurtengoa baino %4,91 handiagoa. Lau eremutan banatuko da kopuru hau: zerbitzuak, inbertsioak, dirulaguntzak eta giza baliabideak.
Zerbitzuek izango dute lehentasuna aurrekontuetan, izan ere, kopuru osoaren %51 izango da hauek eskaintzeko, 24.934.591 euro. Hauen baitan hondakinen bilketa eta pertsona nagusien ongizatea azpimarratu ditu alkateak, eta baita gazteriaren beharrak ere. «Nerabeei arreta psikologikoa eskaintzeko zerbitzua martxan jarri genuen eta honek izandako harrera ona ikusita, bide honetan jarraitu nahi dugu. Gainera, emantzipazio prozesuan aholkularitza eskaintzeko zerbitzua martxan jarriko dugu», adierazi du Hernandok.
Giza baliabideei eskainitako kopurua aurrekontuaren %29 izango da, 13.925.454 euro, eta inbertsioei dagokiena aldiz %12, 6.039.231 euro. Azken atal honetan hainbat proiektu jarriko dira martxan eta beste hainbatekin jarraituko dute. Besteak beste, Txomin Egileor eraberritzeko lanak egingo dira bidegorri bat sortuz eta saneamendu berriak jarriko dira hainbat puntutan. Halaber, Elexaldeko eliza aurreko etxea erosiko duela iragarri du Udal Gobernuak, herritarren esku uzteko.
Dirulaguntzei %8 bideratuko da eta atal honetako diru kopuru handiena enplegua sustatzeko izango da. Gainera, auzotaxiaren proiektua martxan jartzea aurreikusi du Udal Gobernuak, taxien elkartearekin adostutako akordio baten bitartez.
Hemen batu ditugu atal bakoitzaren xehetasunak:
Zerbitzuak
Hondakinen bilketa: 2.255.000 €
Persona nagusien ongizatea: 150.000 €
Enpresei laguntza: 80.000 €
Gazteriaren beharrak: 433.000 €
Argiteriaren mantenua: 352.000 €
Galdabusa: 537.902 €
Ingurumena azterketak: 60.000 €
Kultur programazioa eta sustapena: 468 250 €
Arte eszenikoak: 501.000 €
Migrazioa eta kulturarteko bizikidetza: 100.000 €
Prebentzioa eta drogodependentzia: 44.000 €
Kaleen mantenua: 344.000 €
Kale garbiketa: 3.350.000 €
Inbertsioak
Urretako kiroldegia handitzea: 1.000.000 €
Txomin Egileor eraldatzea: 1.100.000 €
Argiteria berria: 60.000 €
Saneamendu sare berriak: 500.000 €
Ur hornidurarako azpiegitura berritzea: 500.000 €
Zuhatzuko adinekoen egoitza: 500.000 €
Elexaldeko eliza aurreko etxea erostea: 175.000 €
Kaleen urbanizazioa: 200.000 €
Dirulaguntzak
Larrialdi egoeretan dauden pertsonentzat laguntzak: 981.668 €
Enplegu Plana: 500.000 €
Ekintzaileei dirulaguntzak: 30,000 €
Kirol Bonoa: 110.000 €
Eskola materiala: 30.000 €
Auzotaxia: 25.000 €
Dendari Elkartea: 300.000 €
Kultur elkarteak: 139.250 €
Erletxeko Enpresari elkartea: 150.000 €
Kirol elkarteak: 430.200 €
Berdintasun arloko elkarteak: 25.000 €
skara ikasleentzat bekak: 15.000 €
Musika Eskolako ikasleentzat bekak: 25.645 €
Alkateak azaldu duenez, oposizioarekin eta eragileekin bilerak izan dituzte aurrekontua zehaztu baino lehen eta behin eratuta, alderdiei aurkeztu diete osorik. Abenduaren 21ean egingo den osoko bilkuran aurreikusi du Udal Gobernuak.