Galdakaon euskararen erabilera indartzeko topaketa bi hartuko ditu Torrezabalek

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Galdakaoko Udalak eta eragileek herrian egiten den euskararen erabilera aztertu eta indartzeko bi topaketa antolatu dituzte, apirila eta maiatzerako. Besteak beste, Garikoitz Goikoetxeak, Idurre Eskisabelek, Sustrai Colinak, Julio Sotok parte hartuko dute saioetan.

Euskararen alde lan egiten duten tokiko eragileekin elkarlanean, herrian egiten den euskararen erabilera aztertu eta indartzeko helburuarekin bi topaketa antolatu ditu Galdakaoko Udalak apirila eta maiatzerako.

Jardunaldiak 2023an egin ziren topaketen jarraipena dira, baina oraingoan «formatu berritzaileago, dinamikoago eta parte hartzaileagoarekin» datoz. 

Saioak apirilaren 18an eta maiatzaren 16an izango dira, Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan, 10:30etik 13:00etara. Parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea, baina egitea gomendatu du Udalak, edukiera mugatua baita. Formulario honen bitartez egin daiteke.

Jardunaldi bakoitza bi zatitan banatuko da: euskararen egoera orokorrari buruzko hitzaldi nagusi batek emango dio hasiera ekitaldiari, eta herriko errealitatea eta proiektuak azaltzeko aurkezpen txikiak landuko dira bigarren zatian, tokiko eragileen eskutik. Azkenik, ekitaldi bakoitzaren ostean, parte hartzaileen arteko solasaldia eta ideien trukea sustatuko da.

Aurkezpenetan herriko hainbat eremutako ordezkarik parte hartuko dute topaketa horietan: Udaleko Euskara eta Gazteria arloek, Bagabiz Euskara Elkarteak, Euskaraldiko talde eragileak, udal euskaltegiak, AEK Barandiaran euskaltegiak, Berbalagunek, Adiskide Pilota Elkarteak eta CD Galdakaok, Argizai elkarteak eta Mozoilo Egunaren antolatzaileek.

«Izan ere, helburua ikuspegi anitza eskaintzea da, euskararen egoera arlo desberdinetan aztertu eta erronka berriak elkarrekin definitzeko», adierazi du Udalak.

Apirilaren 18ko hitzorduan, Garikoitz Goikoetxea kazetariak, Iñaki Iurrebasorekin batera egindako Esnatu ala hil liburuan jasotako euskarari buruzko oinarrizko diagnostikoa aurkeztuko du. Hitzaldian euskaldun orok euskararen nondik norakoak argi ikusteko zedarriak emango ditu, bai eta oso txertatuak dauzkagun ideia oker batzuk ere irauliko. Galdakaoko euskararen erabilerari buruzko hainbat datu eta esperientzia partekatuko dira, beti ere datuen argitan eta aurreiritziak agerian itxiz. 

Bigarren topaketa aldiz, maiatzaren 16an izango da. Bertan, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko presidenteak euskararen pizkunde beharraz arituko da. Euskara biziberritzeko hizkuntza politiketan aldaketa sakon bat sustatzearen garrantzia azpimarratuko du, adostasun sozial eta politiko berri batean oinarritu behar dena. Ondoren, herriko euskaldunak ahalduntzeko eta euskal komunitatea saretzeko ahaleginaz arituko dira, laburrean, Galdakaoko elkarte eta erakunde ezberdinetako zenbait  partaide.

Parte hartzea errazteko asmoz, beharra izanez gero haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da, eta topaketak online jarraitu ahal izango dira; saioak audioz grabatuko dira, eta ondoren podcast formatuan zabalduko dira, edukiak herritar guztiengana hel daitezen. Sustrai Colina eta Julio Soto bertsolariek egingo dituzte bi egunetako bilduma lanak. 

situs togel

situs toto