
Galdakaotik igaroko da aurtengo Espainiako Vuelta, irailean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Manu Cecilio
Abuztuaren 23tik irailaren 14ra bitartean izango da aurtengo Vuelta, Espainiako txirrindularitza itzulia. Guztira 21 etapa izango ditu eta hauetako bat Galdakaotik igaroko da. Nondik igaroko dira txirrindulariak zehazki?
Aurtengo Vuelta, Espainiako txirrindularitza itzulia, abuztuaren 23tik irailaren 14ra bitartean antolatuko da. Guztira 21 etapa izango ditu 90. edizioak, eta hauetako bat Galdakaotik igaroko da.
Irailaren 3an izango da, 11. etapan, Bilbon hasi eta Bilbon ere bukatuko denean. San Mamesen izango du irteera, 13:30ean eta 157 kilometro osatu ostean, eguna Bilboko Kale Nagusian amaitzea aurreikusi du antolakuntzak, 17:20 aldera.
Ibilbidean, txirrindulariek zazpi mendateri aurre egin beharko diete, haien artean Elorritxuetakoa. Bitan igaroko dira txirrindulariak hemendik, 351 metroko desnibelarekin.
