Gaur banatuko du Galdakaoko Udalak herritarren artean 2025eko egutegia
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udalak
Ohi duenez, Galdakaoko Udalaren Euskara Arloak 2025eko egutegia banatuko du gaurtik aurrera herritarren artean. Andra Mari Dantza Taldearekin batera elkarlanean egin du eta udaletxeko sarreran egongo da eskuragarri 08:00etatik 15:00etara.
Galdakaoko Udalaren Euskara Arloak urtero egin ohi duen egutegia gaurtik aurrera banatuko du herritarren artean. Aleak udaletxeko sarreran egongo dira eskuragarri 08:00etatik 15:00etara, eta bertan banatuko dira aleak agortu arte. Pertsona bakoitzak bi ale hartu ahalko ditu, gehienez.
Urteak daramatza Udalak egutegiak argitaratzen. Orain arte askotariko gaiak landu dira (herriko bazterrak, udalerriko ibilbideak, auzoak…). Iaz, udalerriko elkarte batzuen urteurrenak zetozela ikusita, horiekin elkarlanean aritzea erabaki zen.
Horrela, Andra Mari Dantza Taldeari proposamena egin eta honek «gogoz onartu zuen eskaintza». Elkarteak 70 urte beteko ditu 2025ean. Andra Marik ideiak bota, eta, haietatik abiatuta, Olatz Soto Galdakaoko argazkilariak egin ditu argazkiak.
Egutegian, bi hilean behin argazki bat dago aldi horrekin lotuta. Zehazki, Urteberri eta Santa Ageda, Inauteriak, San Juan Haretxa, Linoa, San Migelak eta Gabonak izan dira aukeratutako gaiak. Argazkian bertan Andra Mariren webgunera bideratzen duen QR kode bat dago. Esteka horretan argazkiari buruzko idatzi txiki bat eta argazki gehiago daude.
Guztira 3.500 egutegi egin dira. Lehenik eta behin Galdakaoko ikastetxe, ludoteka eta Topaguneetan banatu dira, eta orain, herritarren artean banatuko dira gainontzekoak, ale guztiak agortu arte.