
Gaur da Santakurtzetako pregoilaria proposatzeko azken eguna
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Aurten ere herritarrek aukeratuko dute Santakurtzetako pregoilaria eta gaur, ekainak 17, da proposamenak egiteko azken eguna. Proposamena eta botoa 16 urtetik gorako galdakoztar guztiek eman dezakete.
Aurrera doaz Santakurtzetarako prestakuntzak eta pregoilaria aukeratzeko prozesua hasi da honezkero. Gaur, ekainak 17, da proposamenak egiteko azken eguna eta herritarren parte-hartze plataformaren bidez egin ahal izango dira, baita Torrezabal Kultur Etxean, Urretako kiroldegian, udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarriko diren hautetsontzietan ere.
Proposamena eta botoa 16 urtetik gorako galdakoztar guztiek eman dezakete eta baldintza horiek betetzen dituzten pertsona guztiak proposatu ahalko dira Santakurtzetako pregoilari gisa. Udalak eta Jai Batzordeak ere bere proposamenak egin ahalko dituzte, emakumeen hautagaitzak egongo direla bermatzeko beharrezkoa baldin bada.
Hautagaien zerrenda osatu ondoren, Udaleko Kultura eta Berdintasun arloek proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute eta behin betiko zerrenda egingo dute. Ondoren, hori argitaratu egingo da eta herritarrek euren botoa emateko epea irekiko da, ekainaren 25etik uztailaren 6ra