
GazT Nahaste lehiaketak 2.000 eurorekin sarituko du Galdakaoko gazteeen proposamenik onena
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Fox
Galdakaoko gazteek gazteentzat dituzten ideiak batu eta sarituko dituen GazT Nahaste lehiaketaren bigarren edizioa jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Honen bitartez herriko gazteengan eragin positiboa izango duen ideiarik onena aurkezten duen taldeak 2.000 euro irabaziko ditu.
Galdakaoko Udalak lehen aldiz antolatu zuen iaz GazT Nahaste lehiaketa. Ekimenak belaunaldi berrien artean eragin positiboa izango duen edozein jarduera edo proiektu proposatzeko aukera ematen die gazteei.
Iazko edizioaren arrakasta ikusita, aurten ere antolatu du gazteei zuzendutako txapelketa eta proposamenak aurkezteko epea uztailaren 11ra bitarte egongo da zabalik.
16 eta 30 urte bitarteko gazte taldeek parte hartu dezakete eta izena emateko formularioaren bidez bidali ahal izango dituzte euren proposamenak. Irabazi asmorik gabeko edozein kultura, kirol, osasun… jarduera, gizarte ekimen edo sentsibilizazio ekintza hartuko da kontuan. Proiektua euskara nagusi izanda garatu beharko da eta ikuspegi feminista txertatua ere izan beharko du.
Talde bakoitzak hiru ideia aurkeztu ahal izango ditu gehienez, jatorrizkoak eta argitaratu gabekoak. Epaimahai batek baloratuko ditu ideiak, eta proposamen irabazleak 2.000 euroko saria eta ekintza antolatzeko eta kudeatzeko laguntza lortuko du. Irabazle suertatzen den ekimena aurtengo urria, azaroa eta abendua bitartean gauzatu beharko da.
Edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiago eskatzeko 688 680 840 telefonora deitu edo gazteberpiztu@galdakao.eus helbide elektronikora idatz daiteke.