GazT Nahaste lehiaketak 2.000 eurorekin sarituko du galdakoztarren proposamenik onena

Argazkia: Freepik.

Galdakaoko gazteek gazteentzat dituzten ideiak sarituko dituen GazT Nahaste lehiaketaren edizio berria jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Horren bitartez, herriko gazteengan eragin positiboa izango duen ideiarik onena aurkezten duen taldeak 2.000 euro irabaziko ditu.

Herriko gazteen sormena eta parte-hartzea sustatzeko helburuz, Galdakaoko Udalak GazT Nahaste ideia lehiaketaren edizio berria abiatu du.

Proposamenak maiatzaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dira online formularioaren bidez. Bertan, ideiaren oinarrizko informazioa —ekintzaren izena, iraupena, kokapena, etab.— eta azalpena aurkeztu behako dira, idatziz zein audio edo bideo formatuan.

Parte hartzeko aukera gazte gehiagori zabaltzeko, aurtengo deialdia 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Taldeka parte-hartzea bereziki baloratuko bada ere, norbanakoek ere aurkez dezakete euren ideia.

Parte hartzaileek kultura, kirol, osasun, ingurumen eta aisialdi hezitzailearekin lotutako jarduera, gizarte ekimen edo sentsibilizazio ekintza proposatu ditzakete, besteak beste.

Proiektu guztiek irabazi asmorik gabekoak izan beharko dute, Galdakaon garatu, eta gazteen artean parte hartzea sustatu. Gainera, ezinbestekoa izango da proposamenek euskararen presentzia bermatzea eta ikuspegi feminista txertatzea.

Proposamen irabazleak 2.000 euro jasoko ditu ekimena aurrera eramateko, baita ekintza antolatzeko laguntza ere. Proiektua 2026ko urria eta 2027ko ekaina bitartean gauzatu beharko da, eta pertsona edo talde irabazlea maiatzaren 20an jakinaraziko da.

Lehiaketaren helburua ez da soilik ideia on bat saritzea, «baizik eta gazteak herriko dinamikan aktiboki inplikatzea eta euren ekimenak errealitate bihurtzeko baliabideak eskaintzea». Horregatik, Udalak Galdakaoko «gazteak euren ideiak partekatzera animatzen ditu, euren ekarpenek herria aberasteko bidean benetako eragina izan dezaketelako». 

Informazio gehiago edo zalantzak argitzeko, 688680840 telefonora idatzi edo galdakaogazt@gmail.com helbidera jo daiteke. Deialdiaren oinarriak Udalaren webgunean daude eskuragarri.


situs togel

situs toto