Gaztedik 30 urtera arte luzatu ditu eskualdeko gazte langabeentzako bekak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: South Agency
Gaztedi Nerbioi Ibaizabal proiektuak 24 beka eskainiko ditu, eskualdeko gazteek sei hilabetez lanekoak ez diren praktikak egiteko aukera izan dezaten. Aurten 18 eta 30 urte bitarteko gazteek jaso ahal izango dituzte bekak.
Enplegu aukerak hobetzeko eta laneratzea sustatzeko helburuz, Gaztedi Nerbioi Ibaizabal proiektuak 24 beka eskainiko ditu aurten, eskualdeko gazteek sei hilabetez lanekoak ez diren praktikak egiteko aukera izan dezaten.
Aurten, berrikuntza bezala, bekak jaso dezaketen gazteen adin-tartea handitu dute. Zehazki, 18 eta 30 urte bitartekoak izango dira onuradunak. «Beren lanbide-heziketarekin edo prestakuntza akademikoarekin lotuta dauden eskualdeko enpresetan esperientzia hartuko dute», azaldu dute Gazteditik.
Hainbat baldintza bete behar dira beka hauek jaso ahal izateko, eta hemen zerrendatu ditugu:
- Galdakao, Basauri, Etxebarri, Arrigorriaga, Arrankudiaga, Arakaldo, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo edo Zeberion erroldatuta egotea.
- Lanbiden enplegu eskatzaile bezala inskribatuta egotea.
- Unibertsitate titulua, erdi mailako nahiz goi mailako prestakuntza zikloa, 3. mailako doktoregoa edo profesionaltasun ziurtagiria izatea edota azken urteko ikaslea izatea.
- Jasotako prestakuntzarekin lan esperientziarik ez izatea, edo lan esperientzia hiru hilabetetik beherakoa izatea.
- 18-30 urte izatea.
Sei hilabeteko iraupena izango dute bekek eta egunean sei orduko jardunaren truke, hilean 828 euro gordin jasoko dute gazteek. Guztira, 24 beka eskainiko dira eskualdean, erakunde espezializatu baten bitartekaritza eta aholkularitzaren bitartez.
Informazio gehiago lortu eta beken tramitazioa eskatzeko, harremanetan jarri behar da eskualdeko udaletako gazteria zerbitzuekin edo Novia Salcedo Fundazioarekin.