Gazteentzako Kirol Bizian txapelketa antolatuko dute lehen aldiz Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jean Smith
Galdakaoko gazteen trebetasun fisiko eta mentalak frogan jartzeko Kirol Bizian lehiaketa antolatuko dute Elexaldeko futbol zelaian abenduaren 14an. Zazpi froga egin beharko dituzte bikote parte-hartzaileek eta hemen batu dugu izena emateko jakin beharrekoa.
Galdakaoko Udalak, Gazte Berpiztu programaren baitan, Kirol Bizian lehiaketa berria antolatuko du. «Gazte ekimenak bultzatu eta komunitatean beraien partaidetza eta sormena bultzatzeko lehiaketa» da, eta abenduaren 14an egingo da Elexaldeko futbol zelaian.
Bertan, goiz oso batez 10:00etatik aurrera, 40 bikote misto beraien artean lehiatuko dira, udalerriko gazteriaren trebakuntza fisiko eta mentalak frogan jarriz.
Guztira, modalitate ezberdinak batzen dituzten 7 proba proposatuko dira, hala nola, punteria, erresistentzia, indarra eta mugikortasuna. Lehiaketak kanporaketa formatua izango du eta froga bakoitzaren ostean bikoteen erdia kanporatua izango da. Beraz, proba guztiak irabazten dituen bikotea izango da irabazlea.
Bikoteak mistoak izan behar dira eta bakoitzak kuadrilla, kultur talde edo kirol talde bat ordezkatuko du, bikote independenteek ere parte hartu dezaketen arren. Sariak talde guztiarentzat izango dira eta sari nagusia honakoa izango da: asteburu oso bat etxe rural batean. Izen ematea abenduaren 9ra arte dago zabalik esteka honetan.
Gazteek sortua gazteentzat
Herriko gazteek sortutako ekimena da Kirol Bizian. Gazteria arloak GazT Nahaste ideia lehiaketa antolatu zuen udaberrian eta proposamenak epaimahai batek baloratu eta gero, irabazleak 2.000 euroko saria eta ekintza antolatzeko laguntza izan du.
Prozesu horren barnean Galdakaoko Txantxa Gutxi, Triloks eta Trabukiak kuadrilletako gazteak elkartu eta Kirol Bizian lehiaketa sortu dute. Udalak «egindako lan guztia eskertu nahi die parte hartu duten gazte guztiei».