Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2025eko azaroa
Bizi garen planetan, batzuek garrantzi gehiegi ematen diote giza espezieari, kontutan hartu gabe gure planetan bizi garen guztien artean beste espezie bat besterik ez garela.
Lur planeta, orain 4.500-4.600 milioi urte inguru egituratu zen. Lehen izaki biziduna duela 3.500 milioi urte sortu ei zen: prokariotoak deritzena, hau da nukleo bereizturiz gabeko zelula bakarrez osatutakoak. Hasieran Lurrean ez zegoen oxigeno askerik, 2.400 milioi urtera arte eta ozeanoetan, badirudi, mikroorganismo prokariotoak baino ez zeudela.
Lehen makrofosilak, orain 635 milioi urteko harrietan ageri dira. Lehen ornodunak, duela 520 milioi urte garatu ziren. Eta gure espeziea, Homo sapiensa, oraintsu agertu da, 200-300 mila urte inguru.
Gizakirik gabeko 3.500 milioi urte luze horietan, izaki bizidun asko izan dira, gehienak ezezagunak, baina bi milioi inguru ezagunak. Gainera, tropikoetan, ozeanoetan eta eskualde polarretan espezie asko oraindik aurkitu gabe daudela kontuan hartuta eta ezagutzen ez ditugun mikroosganismoak hainbeste direla jakinik, espezialisten esanetan, ehunka milioi espezie omen daude gaur egun.
Baina ugaritasun hori izugarri handitzen da desagertutako espezieak metatzen baditugu. Zenbat espezie galdu ote dira bidean ingurumen-aldaketetara egokitu ezinda edota norgehiagoketan itota. Inoiz, espezie baten garapena ere agortu egin liteke eta betirako galdu. Eta ez dira gutxi, meteoritoen danbatekoen erasopean edota sumendien leherketetan galdu direnak.
Gizakiok ingurumen-baldintzak aldatzeko ere gai gara, eta gero eta azkarrago gainera. Galbide honetan, geure buruari harrika, eta inguru galgarrira egokitu ezinda, gizakiok ezin bestean desagertuko gara lurbira honetan. Gure espeziea beste batzuek ordezkatuko dute, baina Lur planetak betiraunean jarraituko du beste baldintza batzuetan.




