Langile greba
BINKE / 2021eko abendua

«Gure soldata parekatzea eskatzen dugu»

TESTUA: Unai Sarriugarte Lasarte
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa Labeako ospitalean dago. Bertako langileak arduratzen dira EAE-ko osasun-sare osoa giza ehunez eta odolez hornitzeaz, baina euren soldata ez da Osakidetzako maila bereko langileen parekoa. Greba egunak bizi berritan batu gara bertako langile diren bi galdakoztarrekin.

Abenduaren 9an eta 10ean Galdakaon kokatuta dagoen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek (TGEEZ) greba egunak deitu zituzten —horren berri eman zuen Binkek bere sareetan—. Hauen bidez, soldataren % 4ko osagarria ordaintzea eskatzen diote Osakidetzari, euren soldata ospitaleko eta lehen mailako arretako beste zentro batzuetako gainerako langileek jasotzen dutenarekin parekatu ahal izateko. Egoera guzti honen inguruan zertxobait gehiago jakiteko asmoz, bertako langile galdakoztarrak diren Alicia Gómez eta Javier Ramírezekin hitzartu gara.

Zergatik zaudete protestan? TGEEZ ospitale-eremuan zein lehen mailako arreta eremutik at dagoen zentroa da; eta horregatik diskriminatu egiten gaituztela uste dugu. Hala ere, horien barnean eta Osakidetzaren barnean berebiziko garrantzia duen zentroa gara. Gu gabe, odol-bankuek ez lukete funtzionatuko, eta, beraz, transfusioak ezingo lirateke gauzatu. Hori oso ondo islatzen da gure leloan: «Odol barik, ez dago ebakuntzarik».

Zein mezu bidaliko zeniokete Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendari berri den Luisa Larrauriri? Luisa Larrauri Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariari eskatuko genioke Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Carmelo Barrio legebiltzarkideari martxoaren 16an idatzi zion gutuna irakurtzeko. Bertan, oso positiboki baloratzen gaitu, eta ez du inolako arrazoirik ikusten Administrazio Kontseiluan gure soldata-parekatzea ez onartzeko. Era berean, Osakidetzako langileak zaindu ditzala, ez hitzekin soilik baizik eta ekintzekin. Lana profesionaltasunez egiteko behar ditugun tresna pertsonal eta materialak ahalbidetzea, hori baita Osasun Publikoa zaintzea.

Gaur egun Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek burutzen duten lan kopurua gehiegizkoa dela uste al duzue? Lan kopurua betidanik handia izan da, baina asko handitu da azkenaldian, eta erantzukizun handiagoko ekintzak burutzen ditugu. Gainera, lan-taldea berbera da. Oso langile espezializatuak eta kualifikatuak gara, Osakidetzako beste edozein zentrotan egiten ez diren lanak egiten ditugularik. Argi dago, lana ondo gauzatzeko, lan baldintza egokiak behar ditugula.

Osakidetzaren ospitale-sarean erabat integratuta dagoen zerbitzua izanik, zergatik ez dira bertako lankideen lan baldintzak Osakidetzako beste zerbitzuetakoekin parekatzen? Agian, ospitale batek egiten duen jarduera ez denez, ez zaigu ospitaleari adinako garrantzirik ematen. Hala ere, horien barruan ezinbestekoak gara. Gainera, Euskadiko transfusio-sarea eta giza ehunen hornidura-sarea ezartzen duen osasun-legeria propioa dugu. Bestalde, murrizketen bidea ondo jorratu du Osakidetzak eta lan baldintzak ez dira salbuespen bat izan

Zentroko langileek mobilizazioak abiatu zenituztenetik hamar hilabete igaro dira. Tarte honetan, egon al da hobekuntzarik lan baldintzetan? Ez da inongo hobekuntzarik eman egun arte. Esan beharra dago, Osakidetzak, nahi izanez gero, eskatzen ari garen  igoera eman zezakeela inongo sindikaturik firmatu ez arren.

Abenduaren 9 eta 10ean egindako grebekin, bi aldeen arteko harremanean, hurbilketarik emango dela uste duzue? Ez dugu uste, Osakidetzak gaur egun arte ez baitu osagarriok negoziatzeko edonolako asmorik aurkeztu. Euren esku dago. Herritarrek gu babestea nahi dugu, eta ez kriminalizatzea, Osakidetzak gure eskaerari entzungor egitearen ondorioz.

Murrizketok era zuzenean pazienteei eragingo dietela uste al duzue? Oso gogorra egiten zaigu langileontzat Osakidetzan greba deialdiak egitea, guztiz barneratua baitaukagu pazienteekiko dugun erantzukizuna. Hori Osakidetzak gure mobilizazio eskubidea murrizteko erabiltzen du.

Zeintzuk dira soldataren %4ko igoeraz kanpo eskatzen dituzuen aldaketak? Gure soldata parekatzea eskatzen dugu, errespetua eta kontutan eduki gaitzatela, euskal osasunaren barruan langile gisa dugun garrantziaren aintzatespena, alegia. Osakidetzako beste zerbitzuen parean jarri gaitzatela, edonolako diskriminaziorik ez dadila eman.

Mobilizazio hauek ondorio positiborik ez balute, zein da datozen hilabetei begira dituzuen erronkak? Asko kostatu zaigu puntu honetaraino iristea, eta ez dago atzera pausorik. Espero dugu Osakidetzak berak daraman politika hausnartzea eta negoziatzeko baldintzak eman daitezela. Gure soldata igotzeko eskaera onartu dezatela. Hori horrela ez bada, mobilizazioekin jarraitzea bezalako irtenbiderik ez dago.