Hamaika Gara ekimena
BINKE / 2021eko maiatza

«Erreferenduma tresna demokratiko bezala artikulatu gura dugu»

TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Euskal Herriaren estatus politikoa erabakiko duen erreferenduma lantzen ari da Hamaika Gara ekimena maila nazionalean, eta badu taldea Galdakaon ere.

«Altxa. Sinatu. Erabaki». Zergatik orain? Erabakitzeko eskubidearen alde lan egin eta erreferendum bidez erabakitzearen aldeko eragile eta norbanakoen elkargune bat beharrezkoa dela uste dugu. Euskal gizartearen ahalduntzean sakondu eta herri bezala burujabe izateko behar ditugun tresna demokratikoak lortzeko jaio da egitasmoa.

Eta zein da helburua? Pandemiak azaleratu egin ditu herri bezala dauzkagun maila askotariko gabeziak. Honi heldu, eta Hamaika Garatik aurretik aipatutako horien guztien inguruko hausnarketa baterako bidea egiteaz gain, Euskal Herriak duen burujabetza faltaren aurrean herri bezala behar ditugun erabakitzeko tresnak zeintzuk diren jakin nahi dugu.

Urtea hasi zenetik hainbat izan dira Hamaika Garak antolatu dituen solasaldiak. Hala da. Beharrezkoa dugu arlo anitzetan herri bezala eztabaidatu eta adostasunetara iristea. Solasaldi ziklo bat antolatu dugu berriki horregatik, burujabetza eta erabakitzeko eskubidea xede dituztenak. Gure etorkizuna baldintza dezaketen erabaki asko herritarrongandik urrun eta gure ahotsa entzun gabe hartzen ari dira, eta erabaki horiek hartzen dituztenek, gehienetan, ez dute gure gizartearen aniztasuna ordezkatzen.

Euskal Herriko hainbat eragilek ere hartu dute parte ekimen honen baitan. Zergatik dira beharrezkoak? Herri bezala erabaki nahi badugu, herri bezala lan egin beharra daukagu. Horretarako, euskal gizartea osatzen dugun eragile eta herritarrok elkarlanean eman behar ditugu pausoak. Norabide berean, bakoitza bere esparrutik, epe luzeko begiradarekin baina betiere logika eta helburu komun batzuen baitan.

Zein unetan dago egun erabakitzeko eskubidearen egoera Euskal Herrian? Euskal herritarren artean onartua dago erabakitzeko eskubidea; hori adierazten dute hainbat ikerketa taldek —hiru euskal herritarretik bik uste dute beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela (%63)—. Hala ere, hiru errealitate desberdin dira Euskal Herrian. 

Zeintzuk dira, beraz, Hamaika Garak dituen erronka nagusiak? Gure bizitzetan eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubidearen beharra lantzea, eta bide horretatik, erreferenduma tresna demokratiko bezala jorratuko duen gehiengo bat artikulatu eta aurrera pausoak ematea.