
Haurren Kontseiluak Galdakao hobetzeko proposamenak aurkeztu zizkion Udalari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Haurren Kontseilua urteko azken saioa egin zuen maiatzaren 30ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Bertan herria hobetzeko zenbait proposamen egin zizkien Iñigo Hernando alkateari eta Edurne Espilla Kultura zinegotziari.
Aurtengo Galdakaoko Haurren Kontseilua urrian eratu zen eta udal politiketan ikuspegi desberdina txertatzeko helburuarekin. Zehazki, herriko ikastetxeetako lehen hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleen ikuspuntua ezagutu nahi da ekimenaren bitartez.
Parte-hartze organo hori hilean behin bildu da, kideek herriaren hobekuntzari buruz dituzten kezkak aztertzeko. Hauek proposamen bilakatu dira eta maiatzaren 30ean Udalari aurkeztu zizkioten, udaletxeko pleno aretoan egindako bileran.
Haurren Kontseilua osatzen duten 26 umeek euren proposamenak aurkeztu zizkieten Iñigo Hernando alkateari eta Edurne Espilla zinegotziari, eta baita saioan parte hartu zuten Udaleko hainbat arlotako teknikariei.
Euren betebeharrei eta zereginei buruzko hainbat galdera egin zizkieten haurrek Hernando eta Espillari eta erantzunak jaso ondoren, euren proposamenak aipatu dituzte txikiek, hala nola, Aperribaiko zubiko eskailerak konpontzea, Iturrondon jolasgunea jartzea, Eguzkibegirako bidean dauden zuloak konpontzea, Gandasegi ixtea grafitiak egin ez ditzaten, eta abar.
Halaber, ikasturtean zehar izan dituzten zazpi topaketetan egin dituzten zereginetako batzuk azaldu dituzte haurrek. Lehenengo hiru saioetan, auzo detektibe rola hartu zuten, eta Auzotik Galdakao proiektuko 4, 5 eta 6 eremuak aztertu zituzten, auzotarren bizi kalitatea hobetu dezaketen konponbideen bila. Hurrengo saioetan, berriz, gai hauei buruzko ekimenak landu dituzte: kirola eta estereotipoak berdintasunaren esparruan, eta animalien babesgabetzea eta herrian haiei zuzendutako espazioak.