
Herriko dendetan eskola materiala erosteko dirulaguntzak emango ditu Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bac
Aurten ere herriko dendetan eskola materiala erosteko dirulaguntzak emango ditu Galdakaoko Udalak. Eskabideak egiteko epea ikasturte hasieran zabaltzea aurreikusi du Udalak, eta ekainaren 1etik aurrera Galdakaoko saltokietan egindako erosketen fakturak kontuan hartuko dira.
Galdakaoko udalbatzak tokiko dendetan eskola materiala erosteko dirulaguntzak ematea onartu zuen duela bi urte eta neurriak izandako arrakasta kontuan hartuz, aurten ere dirulaguntza hauek eskainiko ditu Udalak.
Eskabideak egiteko epea ikasturte hasieran zabaltzea aurreikusi dute, irailaren bigarren hamabostaldian, eta ekainaren 1etik aurrera Galdakaoko saltokietan egindako erosketen fakturak kontuan hartuko dira. Ohikoa denez, eta gainerako dokumentazioarekin batera, eskabidea aurkezterakoan erosketak egiaztatu beharko dira. «Beraz, oso garrantzitsua da fakturak gordetzea, ez da tiketik onartuko», adierazi du Udalak.
Guztira, laguntzak gehienez 140 eurokoak izango dira haur bakoitzeko, edo gehienez 350 eurokoak familia bakoitzeko, familien diru sarreren arabera. Horiek, zehazki, bi urteko ikasgelako, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen guraso eta tutoreei zuzenduta daude.
Diruz lagundu daitezkeen materialei dagokienez, honako hauek izango dira: amantalak eta adur-zapiak (Haur Hezkuntzarako); teknologiako, musika eta heziketa plastikoetako elementuak; mahaigaineko materiala (arkatzak, boligrafoak, ezabatzeko elementuak, klipak, erregelak, koadernoak, folioak eta antzekoak, eta informatikako suntsigarriak), eta sailkatzaileak, artxibategiak, kalkulagailuak, konpasak, hiztegiak, motxilak eta antzekoak.
Informazio gehiago ezagutu daiteke 944 010 540 telefonora deituz edo idatzi hezkuntza-euskara@galdakao.eus helbidera idatziz.