
Herritarren parte-hartzea sustatzeko dirulaguntzak jarri ditu martxan Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: iStock
Galdakaoko Udalak herritarren parte-hartzea eta komunitate ekintza sustatzeko dirulaguntzak jarri ditu martxan. Ekainaren 9ra bitarte eskatu daitezke eta Udalak 10.000 euro bideratuko ditu hauetarako.
Parte-hartze komunitarioaren eta herritarren parte-hartzearen eremuan lan egiten duen gizarte ehuna indartzea eta Galdakaoko bizitza kolektiboa eta gizarte kohesioa sustatzea du helburu Galdakaoko Udalak, eta horretarako dirulaguntza lerro bi jarriko ditu martxan.
Lehenengo lerroa Galdakaoko entitateen gastu arruntak diruz laguntzea da, hala nola, erakundearen egoitza den lokalaren alokairu gastuak, argiaren, telefonoaren, uraren, publizitatearen, prestakuntzaren eta abarren gastuak.
Bigarren lerroa ordea, proiektu puntualak abian jartzera bideratuta dago, hala nola ikastaroak, hitzaldiak, herritarrei irekitako prestakuntza jarduerak, elkar ezagutzea eta lotura komunitarioa indartzea helburu duten jarduera ludiko edo kulturalak, eta abar.
Deialdia legez eratutako eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistro Orokorrean nahiz Erakundeen Udal Erregistroan alta emanda dauden erakundeei zuzenduta dago. Bakoitzak bi lerroetan eskatu ahal izango du diru laguntza, eta prozesua norgehiagokako erregimenean deitu da.
Udalak 10.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetarako eta ekainaren 9ra bitarte eskatu daitezke, Udalaren egoitza elektronikoan.
Informio gehiago eskatzeko 688 830 479 telefonora dei daiteke edo Whatsapp zein Telegram bidez harremanetan jarri eta partaidetza@galdakao.eus helbide elektronikoaren bidez ere kontaktuan jartzeko aukera dago.