
Hil egin da Fernando García de Eulate udaltzain historiko galdakoztarra
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Familiak BINKEri bidalitakoa
Galdakaon udaltzain 1982. urtetik aritu den Fernando García de Eulate hil da, 63 urte dituela, gaixotasun larri baten ondorioz.
Galdakaoko udaltzain ‘beterano’ bat hil da uztailaren 5arekin batera, Fernando García de Eulate Asarta. Nafar jatorriko udaltzain oihak, 36 urte egin zituen udaltzain Galdakaon. Zegokiona baino lehenago hartu zuen erretiroa Galdakaoko Udaltzaingotik, 56 urterekin alzheimerra diagnostikatu baitzioten ‘Fernani’ —hala deitzen zuten inguruko gehienek—.
Gaur egun promozionatzen diren bezainbeste polizia-belaunaldi ez zeuden garaiko udaltzaina izan zen García de Eulate. «Bere herritarrekin erabateko eta etengabeko harreman hurbilean zegoen gizon ona» bezala gogoratzen dute bere lankide izandako askok. Bere ibilbidea 1982. urtean hasi zuen udaltzain hark, ordea, 2018an utzi behar izan zion lan egiteari. Eta geroztik bere senideek zainduta egin ditu bere bizitzako azken zazpi urteak Fernandok, mimoz jagonda eta kalerik kale galdakoztar askoren maitasuna jasoz.
Galdakaoko Udalak omenaldia ere egin zion Fernando García de Eulateri, Koldo Cando udaltzain ohiarekin batera, «urte guzti horietan Udaltzaingoan eskainitako zerbitzuagatik eskerrak emateko», BINKEk 2021eko apirilaren 15ean argitaratu zuen moduan.
Bere aldeko hileta-elizkizun publikoa bariku honetan, ekainak 6, Andra Mariko —Santa Maria— parrokian 19:00etan egingo da. Gugan bego.