Iritzia
Ainara Artetxe Azkueta
BINKE / 2021eko otsaila

Hizkuntza-asiloa

Kontatuko baneuntsuen, familia bat ezagutzen dodala, euren seme-alabek euskeraz berba egiteagatik stress linguistikoa egunero pairatzen dabela eta ezinegon horregaitik beste herri batera bizitzera joatea baloratu dabela. Asilo linguistikoa eskatzekotan dagoazala. Zer jatortsue gogora? Zein garaitan kokatuko zenduen egoera hori? Niri anakronismo bat iruditzen jat.

Gogora ekartzen deustaz, Euskal Herrian bizitako garai ilun frankistak eta ondorengo gertakari grisek. Euskeraz berba egitea galazota egon ziran garaiek. Herbestera ihes egin behar izan zaurien askoren memoria. Amak eskolan euskeraz berba egiteagatik maestrak, jo egiten zauela kontatzen zauen garaiek.  Abadeak edo botanikoak izan barik, «háblame en cristiano»  esaten euskuen garaiak, ondino ume izanda latinez erantzuteko baliabiderik ez genduzen garaiek. Baserritik herriko igerilekura joaten gintzezanean «aldeana» esanda iraintzen euskuezan garaiek. Argazki karreteak egoazan garaiek, zuri beltzeko edo sepia koloreko argazkiak ataraten ziren garaiek, alegia.

Baina kasu honetan, gertakari hau megapixelen garaikoa da. Bizi diran herritik beste herri batera herbesteratzeko pentsamendua euki dabe. Bortizkeria sutilagoa da, ez dira maistraren kolpeak edo ezezagunen irainak, lagunen eta helduen, bardinek erabiltzen daurien hizkuntza inperialistaren eguneroko ziztadak dira.

Egunero, egunero, egunero, egunero, orratzaren puntaren tamainako ziztada zana, zaurie egin arte, sendatzeko denbora ez dekon zaurie. Sendatzeko modu bakarra, arnasguneak bilatzea da. Oxigenatzeko, euskeraz bizi ahal direzan espazioak topetea da. Bestela esanda, askatasun guneak, barne herbesteak, stress lingustikorik bako guneak.

Zeozer ez gabiz ondo egiten, hau, atzo gertatu bazan, gaur gertazen badabil eta biher gertatuko bada. Kolonialismo kulturalaren kontrako sendabiderik ez bada bilatzen, anakronismo linguistikoaren buklean galduko gara.

Euskera da gure territorio-arnasgune  libre bakarra.