Hipersexualitatea
BINKE / 2021eko otsaila

Onlyfans, zentsura bako sare sozial berria

TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIAK: Copyleft

Azken hilabetetan bereziki gazte askoren ahotan dagoen plataforma digitala da Onlyfans. Modu laburrean azalduz, inongo zentsurarik gabe norberaren argazki edo bideo erotikoak sarera igo, eta trukean dirua jasotzea da honen funtsa. Gertutik ezagutu dugu fenomeno berria, hiru erabiltzaile galdakoztar elkarrizketatuta eta feministen iritzia jasota.

Gazteen artean batez ere zeresan handia izan duen gaia bilakatu da Onlyfans sare sozial berria. Bakoitzean bere oihartzuna handiagoa egin, eta konfinamendutik hasi eta gaur arte erabiltzaileak biderkatuz izugarri hazi den euskarri digitala bilakatu da. Askori arrotza egingo bazaie ere, inongo zentsurarik gabe norbere gorputzaren irudi erotikoak sarera igo, eta bakoitzak dituen harpidedunen arabera trukean dirua jasotzea xede duen sarea da hau. Bai, inongo zentsurarik gabea. 

Gaiarekiko ikuspegi feminista jasotze aldera, herriko talde feministekin kontaktuan jarri eta honen inguruan lanketarik egina bazuten itaundu, herrian bertan halakoak aurki zitekeela ea bazekiten galdegin, eta Onlyfansen inguruko iritzi bat eman zezaten eskatu zien Binkek. Testuak aurrera egin ahala, honen inguruko ekarpen bat egiten bakarra izan zen Momoak Talde Feministak esandakoak ere jaso dira, kritika feminista eraikitzaile baten ikuspuntutik. Galdakaoko eta Usansoloko gainontzeko talde feministek ez dute erreportaje honetan parte hartu gura izan, gaia oraindik taldean landu ez dutelakoan.

Baina horren aurretik, datozen lerroetan Onlyfans sare erotikoaren erabiltzaile diren hiru galdakoztar ezagutu ditugu. Orain arte izan duten ibilbidea zein izan den jaso, hainbat gairen inguruan hausnarrean aritu, haien iritziak zeintzuk diren azaleratu, eta bestelako zertzelada batzuk ere jaso ditu Binkek. Hurbildu gaitezen ba euren errealitatera.

Erabiltzen hastearen hautua. Solasaldi honetan parte hartu duten hiru kideek —ez ditugu izenak aipatuko, euren intimitatea zaintzeko—, batez ere konfinamenduan zehar ezagutu zuten Onlyfans, garai hartan hartu baitzuen plataforma honek pisurik handiena. Instagram sare sozialaren bitartez haien jarraitzaileetako askok animatzen zituzten, aurreiritziak alde batera utzi eta honetan froga egitera. Eta hala egin ere. Urduritasuna eta lotsa tarteko, prest egon zitezkeen edota plataforma hau jadanik erabiltzen zuten ezagun batzuekin hitz egin, eta batez ere «diru-iturri erraza, aukerakoa eta nabarmena iruditzen zitzaielako» erabaki zuten hirurek mundu berri honetara salto egitea.

Haien hitzek dioten bezala, gainontzeko sareetan eduki erotikoak igotzeko dagoen aukera eza, edo are zehatzago, «zentsura da euskarri honek besteen aldean duen berezitasunik eta nagusiena, ez baitago halakorik». Horregatik iruditzen zaie erakargarri. Hiruretako batek, esaterako, jada aurretiaz igotzen zituen tankera honetako argazki zein bideoak bere sareetara, eta horregatik ez zuen zalantza izpirik izan honi ekiterako orduan. Orokorrean, honela laburtzen dute bertan eskaintzen duten hori: «Zentsurarik gabeko eduki erotikoa».

Orduak igarotzen dituzte orrialdeari itsatsirik, egunero. Argazki eta eduki bereziak eta landuak, harpidedunekiko interesa eta haiekiko arreta, hiru zutarri horietatik abiatzen dute hiru emakumeek eguneroko errutina.

Harpidedunak eta prezioak. Orokorrean egun gutxiren bueltan jarraitzaile asko lortu dituztela nabarmendu dute hirurek. Aste bakar batean 40, beste batek aldiz hiru astetan 100, lau egunetan soilik, 20; orain arte erraza egin zaie harpidedunak lortzearen lehen pausua, gure protagonistek esandakoaren arabera. Besteak beste, 18 eta 40 urte tartekoak dira harpidetu zaizkien erabiltzaileak, toki guztietakoak, gainera. Galdakaotik bertatik hasi, Bizkaiko, Euskal Herriko zein espainiar estatuko hainbat txokorekin jarraitu, eta horrela mundu osoko edozein puntakoak izan daitezkeen harpidedunekin bukatuz. Publiko zabala dute, oso.

Euren argazki biluziak ikusteko ezarritako prezioak, berriz, norberak erabakitzen ditu. Ezagunen batek edota sarean ikusitako hasi berri baten erreferentziak hartu dituztela diote hiru kideek, baina hala ere ez dute denek gauza bera eskatzen. Bakoitzak bere prezioak zehazten ditu, modu estrategikoan eta harpidedunak eskuratu nahian, baina orokorrean besteen interesa lortu nahi bada prezio baxuekin hastea beharrezkoa dela nabarmentzen dute hirurek.

Hauetako batek, esaterako, «prezioak modu ekonomiko baten txertatzeaz gain, harpidetzekin jolastu eta aldiro-aldiro eskaintza bereziak jarriko dituela» helarazi dio Binkeri. Eta beste batek gaineratu: «Nik, adibidez, pare bat astez nire hilabeteko kuota erdira pasa eta halako eskaintza berezien bitartez harpidedunak erraz lortzen ditudala frogatu dut».

«Babosoen» aurrean… Oinarrizko kontuen inguruan aritu eta gero, egoera deserosoak oso ohikoak direla diote elkarrizketako hiru kideek. Jendeak, orokorrean, oso gauza arraroak eskatzen dituela azpimarratzen dute xehetasunetan murgildu baino lehen, baina hauetako bik honen berri bazuten orrialdea erabili aurretik, beste hainbat erabiltzaileri irakurrita. 

«Sare hau erabiltzen hasi aurretik badakizu zerekin egingo duzun topo» dio haietako batek. «Zure pribatutasuna galduko duzu, zure gorputza biluztu eta lau haizetara hau erakutsiz, eta hala ere zure edukiak ikusteko ordaintzen duten erabiltzaileengatik jasoko duzuna batzuetan kritikak izango dira, edota igotako hori ordaintzen duten horretarako eskasa dela esango dizute», dio beste batek. 

«Hau al da igo behar duzun guztia? Zer uste duzu, hilabetean zortzi euro ordaintzen ditudala zu tangan ikusteko, ala?», neurri honetako esaldiak jasotzen dituela gehitu dio hirugarren erabiltzaileak aurreko biek esandakoari.

«Blokeatu eta kito». Aurreko puntuarekin segika, halakoen aurrean zer egiten duten galdetu die Binkek. Ohikoena erabiltzaile hori blokeatzea izaten dela diote hirurek, «ez baita normala behin arauak eta igoko diren edukiak zeintzuk diren argi utzita, halakoak jasan behar izatea». 

Badaude kasuak erabiltzaile hori ulertzea beharrezkoa izaten dela, haiek esaten dutenaren arabera «beharrezkoa baita pazientzia Onlyfansen, harpidedunak lortu nahi badira». Hala ere, orain arte izan duten ibilbide apurrean halako hainbat kasuren aurrean dagoeneko aurkitu dira hauetako bi: «Momentu deseroso asko egotea normala da, perbertitu askok erabiltzen baitute plataforma».

Honi guztiari irtenbide bat eman nahian, haien sareetan —Instagramen, kasu— argi utzi zuten zer zen igoko dutena, eta zer aldiz, ez. Esaldi honekin bukatzen du gaia kideetako batek: «Esaterako, aurreko batean tipo batek bere izena esan bitartean masturbatu nedin eskatu zidan, eta argi utzi nion ezetz, ez nintzela horretara ausartuko ni».

Eta gurasoek, zer? Elkarrizketan parte hartu duten hiru kideen esanez, euren gurasoek badute guzti honen berri, kasu bakoitzean bide desberdin batean jakitera eman badute ere. Orokorrean, haien hitzen arabera, kosta egiten da euskarri honen funtsa zein den azaltzea, gehienbat gurasoek izan dezaketen erreakzioarengatik, lotsarengatik edota inguruan izan dezakeen eraginagatik.

Adin nagusikoak direnaren arrazoiari sutsu eutsi, eta jada haien gorputzarekin nahi dutena egiteko adina badutela esanez justifikatzen dute hirurek egindako hautua. Hau da, hitzez hitz, haietako batek Binkeri helarazi diona: «Bai, badakite. Biek dakite, bai amak eta baita anaiak ere, baina 20 urte ditut, eta badut jada nahi dudana egiteko adina. Kontuz ibiltzeko eskatzen didate behin eta berriz».

Erreportaje honetan parte hartu duen beste kide batek dioenez, hau dena hasi aurretik bere aitarekin aurrez-aurre jarri eta sarearen nondik norakoak zeintzuk ziren azaldu, igoko zituen edukiak nolakoak izango ziren argitu, edota honek denak ekar ditzakeen albo-kalteak zein nolakoak izan daitezkeen hitz egin zuen berarekin. Horrela erantzun zion aitak: «Zuk jakingo duzu, baina badakizu: limitearekin beti».

Ez da, hala ere, horren erraza izan kasu guztietan. Hirugarren elkarrizketatuak, esaterako, gurasoei ez esatea erabaki zuen hasiera-hasieratik, batez ere goiko lerroetan emandako argudioak medio. Soilik oso hurbilekoak ziren lagun zein ezagunei esatea erabaki zuen, bere onerako hau baitzen bere ustez erabakirik eta aproposena. Hala ere, «sekretu» hori bukatu egin zitzaion behin ahizpa txikia institututik etxera negarrez eta izuturik iritsi, eta eskolan eraso bat jasan zuela salatu zuenean. Hauxe jazarpenaren arrazoia: bere ahizpa nagusiak Onlyfans plataforma erabiltzen zuela leporatu zioten. Egun hartako erasoagatik eman zuen jakitera etxean guztiaren berri hirugarren kide honek; hala ere, amari soilik, ez aitari. Amak kontrako iritzia badu ere, bere erabakia dela dio, eta ez beste inorena.

Bizitzeko adina diru. Galdera argia egin zien Binkek hiru emakume galdakoztarrei: honekin bizi daiteke? Aho batez erantzun zuen hirukoteak: bai. Denek uste dute diru iturri sendoa dela egun Onlyfans. Aste gutxitan soilik honetaz bizitzeko beste diru lortu ez badute ere, epe luzera irabaziak geroz eta handiagoak izango direla uste dute denek. 

Esaterako, hauetako batek, aste bakarrean 500 euroko irabaziak ditu honezkero. Eta beste batek ere argi ikusten du bide hori bera: «Orain bertan ezinezkoa egiten zait, baina urte gutxiren bueltan agian iritsiko naiz horretara ere». Lanaldi erdiko kontratua duen pertsona askoren hilabete bateko irabaziak baino gehiago eskuratzen dituela nabarmentzen du batek, eta soilik bi astetan.

Diru iturri bat izan nahi duen eta norberaren gorputza inongo zentsurarik gabe erakutsi nahi duen pertsona orori probatzera ausartzeko dei egiten die hirurek. «Norberak norberaren gorputzarekin nahi duena egitea, aurreiritziak alde batera utzi eta barrenak eskatzen digun hori egitera ausartzea behingoz» edota «jende interesgarria ezagutzeko tresna izateaz gain, ingurukoek izan dezaketen iritzietatik harago beldurrik gabe esperientzia berrietara salto egiteko ordua dela» bezalako aldarriekin biribiltzen dute elkarrizketa Onlyfanseko hiru erabiltzaileek.

Horren aurrean dator erretorika: botatako hainbat punturi heldu eta hauei banan-banan egiten diote kritika Momoak Talde Feministak. Goazen, beraz, hauek esandakoari heldu eta gai honen inguruan egindako lanketa zein den ezagutzera.

Emakumearen ahalduntze faltsua. «Emakumetasunaren eta gaztetasunaren izate huts horretan, bi hauen arteko gurutzaketak zeharkatzen dutela haien gorputza» esanez hasi dute haien gogoeta Momoak Talde Feministako kideek. Hauen arabera, «bi terminoen arteko talkak beraien arrazoia eta jakintza ukatzeaz gain, hainbat zapalkuntza biderkatzen ditu, honela, neska* gazteak problematika espezifikoak bizi dituen subjektu politikoa bihurtuz». 

Horien barruan aurki daitezkeen ondorio desberdinen artean, «haien gorputzen hipersexualizazioak pisua hartu» egiten duela diote, eta hori bultzatzen dute, haien iritziz, Onlyfans bezalako plataformek. Horrela argudiatzen dute, esaterako, eduki erotikoa igotzen duten emakumezkoen adin baxua.

Sistema patriarkatuari kritika egin, eta feministen esanetan, «garai berrietan Onlyfans moduko plataformek sexualitatearen eta sexuaren gaiak auzitan jarri dituztela nabarmentzen dute». Areago doaz Momoak taldekoak: «Patriarkatua bera da emakumezkoen sexualitatea, gizonezkoenaren arabera definitzeaz gain, emakumeen papera gizonen desirak asetzearen errudun eta emakumea hipersexualizatua izatera igarotzen duena».

Objektu hipersexualizatua. «Gaur egun sexua gure egunerokotasunean ikusgarri dago edozein une zein lekutan, iragarki eta filmetan, adibidez», diote erreportajean parte hartu duten feministek. Haien ustez, merkatuan produktuak saltzeko estrategia bihurtu da hau, baina, era berean, «sentsualitatea eta sexua bera merkatuko produktu bat gehiago egin dira».

Hala ere, aurrekoari beste hau ere gehitu diote talde feministakoek: «Honek ez du emakumearen askatasuna areagotzen, objektu hipersexualizatua izatera baino ez du igarotzen, modu berean bi generoen arteko arrakala mantenduz». Honela, produktua bera ez ote den emakumea galderarekin ematen diote amaiera hausnarketa honi. 

Feministek Onlyfans sarearen harira egindako irakurketa bukatze bidean, gizonek emakume jakin batzuen gorputz-atalak ikusteko sarbidea diruaren truke izateak, «botere-dinamikak betikotzen» dituela gaineratzen dute. Gainera, delako askatasun forma duen sentimendu hori nagusi bada ere, atseginak izatera irakasten dieten jendarte batean ea argudio hau zenbateraino den egia galdegiten dute.

Askatasunaz ari garela, argi du Momoak taldeak: «Norbere askatasunak, emakumeen ongizate kolektiboaren aurretik jartzeak, menderatze patriarkalean oinarritutako sistema elikatu eta estereotipoak betikotzen ditu, berdintasunaren lorpena are urrutiago kokatuz».

Baina gauza bat argi nabarmenduz amaitu gura du erreportaje honetan parte hartu duen taldeak: «Kontua ez da horrelakoak egiten dituzten emakumeak epaitzea, baizik eta horrelako erabakiak hartzera zerk eraman dituzten aztertzea eta ikusaraztea». Defendatzen duten askatasun eta ahalduntze faltsu horren aurrean, «benetako ahalduntzean urratsak emateko mekanismoa feminismoa» dela uste dute Momoak Talde Feministakoek. •