Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2021eko abendua

Gure azkena ote dator zerutik?

Gaueko leihoa ireki eta zerua oskarbi, izarrez beterik: aurrean, ilargi bete gezurtia; albo batera artizarra, maitetasunari keinuka… eta han, ortzi-muga sakonean, asteroide maltzur bat mehatxuka. Ala neure begitazinoa izan ote da, ba?

Azkenik gabeko espazioa beti izan dut amets-iturri; baina orain amesgaizto izan litekela esaten dute egunkariek. NASAk DART izeneko espazio-ontzi bat bidali du espaziora, DIMORPHOS asteroidea bere izar-bidetik atera eta Lur planetaren aurka talka egiteko arriskutik aldentzeko. Gure buru gainera omen datorren izar-beltz horrek 60 metroko diametroa dauka. Baina zer egingo digu, ba, kili-kili baino gehiago!

Egia esan, gure Lur honek, orain 4.600 milioi urte sortu zenetik eta hona, takateko asko hartu izan ditu, baina zeru-harri gehienak hain txikiak izan dira, ezen, azaleko azkurea kentzeko baino ez dute balio izan. Hala ere, asteroide banaka batzuek, sekulako hondamendiak eragin dituzte Lurreko Bizitzan, eta denboraldi laburrean eragin ere. Galmendirik larriena Paleozoikoaren amaieran gertatu zen, orain 250 milioi urte inguru. Orduan, itsas espezie guztien %95 eta lehorreko ornodun guztien %70 desagertu ziren. Baina hori gutxi balitz, oraintsuago —duela 66 milioi urte— 10 kilometro inguruko asteroide erraldoi batek Yucatan penintsularen iparraldean tupust egin, eta Lurrean bizi ziren espezieen artean %75 suntsitu zituen, dinosauro ospetsuak barne.

Zoragarria litzateke asteroide baten bizkarrean zerura joatea; baina zorionez, NASAk asmatuko du zerbait horrelakorik gerta ez dadin. Bien bitartean, guk, zeru izarratua izango dugu amesgaitz, eta erraldoirik nimiñoena amesgaizto: COVIDa.