Iban Cortes (On Kafe): «Pintxo txapelketa irabazteak presio positiboa ekarri dit»
Iban Cortes, On Kafe kafetegia
BINKE / 2020ko urtarrila
«Pintxo txapelketa irabazteak presio positiboa ekarri dit»
Galdakaori lotuta urte mordoa daramatza Iban Cortes ostalariak (1975, Etxebarri) eta herriko zerbitzari ezagunenetakoa da, On Kafe tabernarekin bakarrik 22 urte daramatzalako Ibanek. Pintxo Lanperna lehiaketako azken txapelduna da gainera.
Atal berri honetan Galdakao eta Usansoloko enpresa, zerbitzu eta komertzioei ahotsa ematen joango gara bi hilerik behin. Zelan ikusten duzu? Bikain, ba horren beharra badugu gainera. Komertzio lokala bultzada baten beharrean dago, eta Binkeren moduko antzeko ekimenak oso ondo etortzen zaizkigu.
Zergatik uste duzu garrantzitsua dena herrian kontsumitzea? Giroa eta aberastasuna sortzen duelako lehenik eta behin. Giroa jendea kaletik dabilelako eta aberastasuna dirua herrian uzten delako eta beraz lanpostuak sortzen dituelako. Herrian kontsumitzeari ez diot alde txarrik ikusten, denentzako da hobea.
Herrian bertan kontsumitzea garestiagoa dela diote batzuek behintzat. Bai, esaten da, baina ez nago ados. Internetetik edo enpresa erraldoietan erosten dena agian zerbait merkeagoa izango da diruari baino ez bazaio erreparatzen, baina luzera garesti irtengo zaizu. Gainera, herriko komertzioak eskaintzen dizun tratu pertsonala ezin daiteke internetetik erosi.
Pintxo Lanperna bezalako lehiaketek herriko tabernetatik mugimendua sortzen dutela diote. Zuk ere halaxe bizi duzu? Bai, igartzen dugu, eta asko. Bereziki antolatzen den asteburuan lan handia izaten dugulako eta aurpegi berriak ikusten ditugulako. Jendea gehiago mugitzen da pintxoak batean eta bestean dastatzeko. Eta ez bakarrik herrikoak, inguruko herrietatik ere badatozelako.
Aurten Pintxo Lanpernako txapelduna izan zara. Espero al zenuen? Ez, egia esan! (barreka) Maila itzela dagoelako! Baina azken edizioan asko gustatu zitzaion epaimahaiari tenpura baxuan prestatu nuen galeperraren pintxoa, gutxitan ikusi delako halakorik eta bezeroak ordaintzen zuen prezioari oso doituta zegoelako.
Eraginik izan al du lehiaketa irabazteak zure kafetegian? Bai. Prentsa nahikotxo etorri da, bezeroak ere asteburuetan gehiago fijatzen dira prestatu duzun barran eta orokorrean jendeak zure pintxoekiko duen kalitate-itxaropena handitu egin da. Nolabaiteko presio positiboa sortu zait, baina zoragarria da hori!
Ba al du ostalaritzak merezi duen pisurik Galdakaon? Ez, ez gaudelako batuta, bakoitza berera doalako, modu txarrean asko kritikatzen diogulako elkarri eta profesionalak ez diren asko sartzen direlako lanbide honetan. Hobeto joango litzaiguke denak elkartu eta gure esparrutik herrian eragingo bagenu.