Ibarluzeko zuzkidura bizitokietarako izena emateko epea zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Ibarluzen eraikitzen ari diren hirurogei zuzkidura bizitokietan izena emateko epea zabalik dago azaroaren 30era arte. Eskaera online aurkeztu behar da eta hemen batu ditugu horretarako xehetasunak.
Etxebizitzen prezio altuengatik emanzipatzea zaila zaien gazte galdakoztarrei eta premia handiena dutenei zuzendutako etxebizitzak eraikiko dituzte Ibarluzeko 40. zenbakian. Guztira 60 bizitoki egingo dira eta dagoeneko zabalik dago hauetan izena emateko epea.
Eskaera online aurkeztu behar da azaroaren 30ean baino lehen Udalaren webgunean eta beharrezkoa da BAKQ identifikazio elektronikoa izatea eta Etxebiden izena emanda egotea.
Kontuan hartu beharreko hainbat neurri nabarmendu nahi ditu Udalak:
- Pertsona bakoitzak honako kupo hauetako batean bakarrik aurkeztu ahal izango du eskaera:
- A kupoa: 18 eta 33 urte bitarteko gazteak (gela bakarreko 42 etxebizitza) – Banakako eskaera egin ahal izango da bizitokian kide bakarra bizi dadin (A.1 kupoa) edo bi lagunentzako eskaera bateratua egin (A.2 kupoa).
- B kupoa: guraso bakarreko familiak (2 logelako 16 etxebizitza)
- C kupoa: mugikortasun murriztua (gela bateko 2 etxebizitza egokitu) – Banakako eskaera egin ahal izango da bizitokian pertsona bakarra bizi dadin (C.1 kupoa) edo bi pertsonarentzako eskaera bateratua egin (C.2 kupoa).
- Eskaera kupo batean baino gehiagotan egiten bada, lehenik egindakoa bakarrik hartuko da kontuan. Eskaera berria lehen aldian adierazitakoa ez den beste kupo batean egin nahi izanez gero, berariaz uko egin beharko dio lehenengo egindakoari, eta epe horren barruan egin beharko du eskaera berria.
- Eskaera bateratua eginez gero, bi eskatzaileek aurkeztu eta sinatu beharko dute eskakizuna BAKQ bidez. Eskatzaileetako batek bakarrik aurkezten badu, eskaera indibidualtzat hartuko da.
Bizitokiak esleitzeko prozesua baremazioaren bidez egingo da eta, beraz, ez dela zozketarik egingo. Baremazioari, bizitokiei eta sartzeko baldintzei buruzko informazio guztia Udalaren webgunean ezagutu daiteke.
Eskaera egiteko zailtasunak izanez gero edo Interneteko ekipamendurik edo konexiorik ez izanez gero, ESAN bulegotik ordenagailu bat jarriko da interesdunen eskura eta laguntza presentziala emango da astelehenetik barikura, 08:00etatik 14:15era. KZ Guneak ere eskura izango ditu behar dituenak.
Halaber, Galdakaoko Udaleko Etxebizitza Sailak, NonBizi zerbitzuaren bitartez, aholkularitza eta laguntza zuzena eta pertsonalizatua eskainiko ditu 94 401 05 29 telefonoan eta nonbizi@galdakao.eus helbide elektronikoan.
Bizitokietarako sarrera 2024ko bigarren hiruhilekorako aurreikusita dago eta onartuen behin betiko zerrendak urtarrilean zehar egongo dira eskuragarri.