
Ibon Lopez de Letona eta Garbiñe Sagarduy izango dira Santakurtzetako pregoilaria eta txupineroa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Irailaren 12tik 21era bitarte ospatuko dira aurtengo Santakurtzak eta Ibon Lopez de Letona saskibaloi entrenatzailea izango da pregoilaria. Haren ostean Zizpa kuadrillako Garbiñe Sagarduyk piztuko du txupina. Gaur iragarri du Udalak, Ardanza parkean egindako agerraldian.
Urtero moduan, irailean helduko dira Santakurtzak. Aurten hilaren 12tik 22ra bitarte ospatuko dira Galdakaoko jaiak eta pregoilariak eta txupineroak paper berezia izango dute berriz ere.
Pregoilaria herritarrek aukeratu dute aurten ere eta Udalak gaur Ardanza parkean egindako agerraldian iragarri duenez, Ibon Lopez de Letona saskibaloi entrenatzailea izango da. BINKEko maiatzeko azala izandakoak Surne Bilbao Basketen entrenatzaile laguntzailea da eta FIBA Europa Kopa irabazi du aurten. Horren aurretik, Ibaizabal Saskibaloi Taldean aritu zen urte luzez, kategoria ezberdinetan.
«Oso harro nago galdakoztarra izateaz eta oso polita da niretzat udaletxetik mezu bat botatzeko aukera izatea. Benetan eskertuta nago aukerarengatik eta ondo egitea espero dut», adierazi du galdakoztarrak agerraldian.
Txupineroa aldiz, aurreko urtean bezala, azkeneko jaietan parte hartu zuten kuadrilletako batekoa izango da eta zozketa bitartez aukeratu du Jai Batzordeak, aurreko jaietan parte hartu zuten kuadrillen artean. Aurten Zizpa kuadrillako Garbiñe Sagarduy izan da aukeratua. «Plazer bat da aukera hau izatea. Galdakaon urte asko lanean daramatzan taldea da Zizpa», azaldu du gazteak.
Bi protagonistekin batera, Iñigo Hernando alkatea, Amets Iturbe jaietako zinegotzia, eta Jai Batzordeko ordezkariak egon dira gaurko aurkezpenean.
Hernandok Zizpa bezalako taldeek herrian egiten duten lana nabarmendu du, eta baita «Galdakaoko elkarteen artean dagoen sare handia mantentzearen garrantzia». Iturbek bere aldetik, Lopez de Letonak aurten lortutako garaipena gogorarazi du, eta baita Galdakaon —Ibaizabal Saskibaloi Taldean eta herrian orokorrean— entrentzaileak gazteekin batez ere egin duen lana.