
Ibon Lopez de Letona galdakoztarra, FIBA Europa Kopako txapeldun Bilbao Basketekin
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: DEIA eta Aitor Arrizabalaga
Surne Bilbao Basket talde bizkaitarra FIBA Europa Kopako txapeldun berria da, PAOK Tesalonika talde greziarra garaitu ostean. Txapeldunen artean galdakoztar bat dago, Ibon Lopez de Letona, Jaume Ponsarnau entrenatzailearen laguntzaileetako bat.
Egun historikoa bizi zuen atzo Surne Bilbao Basketek, taldearen Europa mailako lehen txapelketa eskuratu ostean. Bizkaitarrek FIBA Europa Kopa irabazi zuten atzo, PAOK Tesalonika talde greziarra garaituz.
Atzo jokatu zuten itzulerako partida eta galdu arren (84-82), joanekoan lortutako emaitzak ahalbidetu die txapeldun izatea, zazpi punturen aldeagatik irabazi baitzuten Miribillan (72-65).
Txapeldun den talde honen baitan nazioarteko jokalari eta profesionalak daude, eta baita galdakoztar bat: Ibon Lopez de Letona—argazkiak erdian—. Zehazki, Jaume Ponsarnau entrenatzailearen laguntzaile lanetan dabil.
Lopez de Letona eta gainontzeko taldekideak gaur heldu dira Bilbora eta bihar, apirilak 25, egingo dituzte ospakizun ofizialak instituzio eta herritarrekin batera.
