Idoia Mendizabal: «Soldata arrakala %50etik gorakoa da»
Idoia Mendizabal, garbitzailea
BINKE / 2022ko apirila
«Soldata arrakala %50etik gorakoa da»
TESTUA: Unai Sarriugarte Lasarte
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bizkaiko bulego eta eraikinetako garbitzaileak protestan ari dira azken hilabeteetan, eta greba egunak deitu dituzte martxoko, apirileko eta maiatzeko zenbait egunetarako. Horietariko garbitzaile batzuk galdakoztarrak dira, Idoia Mendizabal tarteko, eta Udalarekin egoera honen inguruan eztabaidan ere badabiltza.
Kale garbitzaileen nahiz eraikinetako garbitzaileen gaur eguneko lan egoera erabat ezberdina da. Izan ere, batetik bestera soldata arrakala izugarria da. Galdakaon eraikinetako garbitzaileak lanuzteak egiten hasi dira egoera honi buelta emateko asmoz. Lehendabiziko greba eguna martxoaren 31n egin zuten, eta, beste zenbait lanuzte eramango dituzte aurrera apirilean eta maiatzean. Hala, greba honetan esku hartzen duen gure udalerriko eraikinetako garbitzailea den Idioa Mendizabal Oriberekin hitzartu da Binke, egoera honen inguruan zertxobait gehiago jakiteko helburuarekin.
Soldataren arrakalaz hitz egiten dugunean, zenbateko arrakalaz ari gara? Kale garbikuntzan, %80 inguru gizonezkoak dira. Eraikinetako garbikuntzan, aldiz, %80 emakumeak, hau da, sektore feminizatua da. Kale garbiketan soldatak askoz handiagoak dira, Bizkaiko eraikinetako garbitzaileen soldatekin alderatuz gero. Izan ere, eraikinetakoek 16.000€ gordin kobratzen dituzte urtean, eta, kalekoek 26.000€, plus toxikoa sartu gabe. Hortaz, argi esan dezakegu, soldata arrakala %50etik gorakoa dela.
Zergatik dago hainbesteko desberdintasuna kaleko garbitzaile eta bulegoetako garbitzaileen artean? Arrazoi ugari egon daitezke. Alde batetik, sektore feminizatuak ez daudelako gizonezkoenak bezala baloratuta. Bestetik, emakumeon soldata beti egon izan delako ikusita senarraren soldataren laguntza gisa, ez soldata duin bat gisa. Horrez gain, beste hainbat arrazoi ere badaude.
Bizkaian badago sektore honetan lan-hitzarmenik? Bizkaiko eraikinetako hitzarmena existitzen da, 16.000€ gordin kobratzea zehazten duena. Baina, Bizkaiko lurralde historikoan ez dago kale garbikuntzako langileen edonolako hitzarmen orokorrik, hauxe udalerriz udalerri aldatzen doalarik. Gipuzkoan, esaterako, badago, eta Bizkaiko hitzarmenaren faltan, Gipuzkoakoa hartzen dugu aintzat.
Martxoaren 31n greba egin zenuten, zelako jarraipena izan zuen? Ikusirik sektore oso atomizatua garela, uste genuena baino jarraipen gehiago izan du. Ez da erraza sektore hau mobilizatzea, beldurra dago langileen artean, baita prekarietatea gure buruetan oso barneratuta egon ere. Hori horrela izanik, jarraipenarekin oso pozik gaude. Gogoratu nahi dut, Bizkaian nahiz eta gure azken helburua soldata arrakala izan —Gipuzkoako erreferentzia, kale garbiketakoa—, hain urrun izanik, hitzarmen honetan ipini dugun helburua epe laburreko helburua da, Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileetara ekiparatzea, hau da, 1.200€ hamabost ordainsaritan banatuta.
Zer jarraipen espero duzue izango dutela apiril nahiz maiatzean egingo dituzten lanuzteek? Ikusirik martxoaren 31n izandako grebaren jarraipena izugarria izan zela, oraingoa are handiagoa izatea espero dugu datozen lanuzteetan.
Greba egiteaz gain, beste zerbait egiten ari zarete? Alde batetik, Bizkaiko hitzarmena duintzeko greban sartuta gaude buru-belarri, eta bestalde, Udalarekin hitz egiten ari gara, hitzarmen propio bat lantzeko helburuarekin, soldata arrakala are gehiago murriztea erronkatzat hartuta. Lehendabizi, Gipuzkoako eraikinetako langileen hitzarmenaren kondizioak izatea da epe laburreko helburua. Epea luzekoa, berriz, azken kale garbiketarekin ekiparatzea.
Udal batek zer egin dezake ba zuen egoera hobetzeko? Asko, ekonomikoki, eta, baita, ideologikoki ere. Ideologikoki eta sozialki, soldata arrakala aitortzea da eman beharreko lehendabiziko urratsa. Galdakaoko Udalak egin ditugun batzarretan soldata arrakala badagoela aitortu du, eta horren aurrean neurriak zehazteko borondatea aurkeztu du. Baina, neurriak hartzearekin batera soldata arrakala murriztea da gauzatu behar duen bigarren ildoa. Horren esperoan gaude. Bizkaia mailan garbitzaileek egindako lana ikaragarria izan da azken hilabeteotan, Elorrioko eta Ermuako langileek lortu zuten soldata ekiparatzea, baita Guggenheim museoko garbitzaileek ere. Bermeon eta Gorlizen borrokan ari dira, eta, Galdakaoko emakumeok hurrengoak izan nahi dugu.
Egoera latz honi buelta ematerik dagoela uste al duzue? Noski. IMQ-k 90 pertsona kaleratu zituen, eta borroka irabazi zuten. Tubacexen ere berdina gertatu da, baita H&M-n ere. Gauza oso zailak lortzen ari gara. Soldata arrakalaren kontua ere kontu konplexua da. Duela bost urte existitzen ez zen kontzeptu bat da soldata arrakalaren kontua garbikuntzan, eta, mahaigaineratzea lortu dugu. Asko sufritu dute Guggenheimeko langileek, Elorriokoek, Basaurikoek, Ermukoek. Dena den, bi xede oso esanguratsu lortu ditugu: batetik, soldata arrakala pixkanaka murrizten joatea, eta bigarrenik, gai oso korapilatsu bat gizarteratzea, ez kontrako jarrerarik gabe.
Zeintzuk dira zehazki eskatzen dituzuen aldaketak? Kale garbiketa eta eraikinen garbiketa berdin ordaintzea, hau da, soldata arrakala desagertzea. «Lan berdina, soldata berdina» lemapean gure soldata prekarioak bai ala bai igotzea, hain zuzen ere.
Lehendabiziko aldia al da esparru honetan grebara zoaztela? Egin izan dira mobilizazioak, baina esan dizudan moduan, oso sektore atomizatua da, prekaritatea barneratuta dagoelarik. Azken urteotan ikusten ari garena, benetako iraultza baten hasiera da. Soldata arrakalarekin amaitzeko borondatea irmoa da, eta, ez dugu inola ere etsiko.