Imanol Heras: «Nire aktore lana hasi besterik ez da egin»
Imanol Heras, aktorea
BINKE / 2021eko ekaina
«Nire aktore lana hasi besterik ez da egin»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Pilar Navas
Imanol Heras galdakoztarrak, besteak beste, Remix orkestrako abeslari izatetik aktore izatera egin du salto, eta «zuzendari andana» beragatik interesatzen hasi direla esan digu bere lehenengo telesaila Madrilen grabatzen ari den une honetan.
Sarri askotan aritu da Galdakaoko jaietan Orquestra Remix taldearekin batera taula gainean Imanol Heras (Galdakao, 1993). Madrilen da egun, bere aktore ibilbidearekin aurrera ekiten, eta orain gutxi hasia da lanean, beste kide batzuekin batera, bere lehen telesailean: «De Madrid al suelo». Ez dugu berarekin egoteko tartea galdu nahi izan!
Hamaika alditan ikusi zaitugu kamioi baten gainean abesten. Baina, noiztik antzerkian? Tira, ez nuke jakingo zehazten. Betidanik aritu naiz artearen bueltan, handia da honekiko dudan harremana, eta ondo oroitzen ditut Maximo Moreno musika eskolako gazte garaiak. Sentitzen dut badudala hein batean sortzen dudan hori, ondoren jendeari erakusteko, konektatzeko eta hunkitzeko gaitasunetik asko, eta ez soilik antzezle lanetan. Duela lau urte, gertuko batek «Lasa eta Zabala» filmerako castingera aurkeztera animatu ninduen, eta ezustean, handik eta aldi batera, zuzendariak berak filmerako ez, baina «Tarde para el recreo» izeneko laburmetraia baterako hautatu ninduen. Hala hasi zen dena.
Madrilen zaude egun. Zelan ba? Behin laburmetraia bukatuta, zuzendariak Madrilera joateko gomendatu zidan, beti nabarmentzen zuen formakuntzarik ez izan arren, antzezle lanetan aritzeko gaitasun handia nuela-eta. Horrela abiatu nintzen, egin nituen bertan aktore ikasketak, eta handik gutxira agente bat banuen ni laguntzeko prest, Jose Triana.
Eta telesail bat grabatzen ari zara egun! Hala da, bai, «De Madrid al suelo» telesaila da. Madrilera iritsi eta ez askora egin nuen bertan «kuadrila», kide guztiak aktoreak izanik gainera. Hala, horrenbesteko talentu egonik bertan, gure egunerokotasuna islatuko zuen gidoi bat idaztea pentsatu genuen, eta denborak aurrera egin ahala eman genion forma honi. «Crownfounding» bat egitea erabaki, eta gure zorionerako 16.000€ lortu genituen! Galdakao izan zen diru gehien bideratu zuen hirugarren herria. Lan hau Torrezabal Kultur Etxean aurkeztea amesten dut, jasotako maitasun guztiari erantzuteko.
Telesail hau laburrean azaltzerik bai? Telesail honek ziurgabetasunean bizi den gazte talde baten egunerokotasuna jorratzen du. Unibertsitateko ikasketak bukatu, eta hortik aurrera gazteon artean izan ohi den krisi existentziala du ardatz, nola gazte izanda norbere bizitzarekin aurrera egiteko egoten den noraezaren eta helburu faltaren ingurukoa, hain justu. Irailean ekingo diogu behin betiko grabaketari, eta kalkuluen arabera abendurako egingo dugu estreinua.
Aurrera begira, zeintzuk dira esku artean dituzun proiektuak? Tira, nahiago dut banan-banan egin hau, eta horregatik, egun, buru-belarri ari naiz «De Madrid al suelo» lanean lanean, gainontzeko ideiei garrantzi handirik eman gabe oraingoz. Lan nekeza da telesail batean aritzea, eta kosta egin zait honaino iristea. Hala ere, onartu beharra dut agenteari esker ari naizela noizbehinka «casting» batzuetara aurkezten, eta sentitzen dut zuzendari andana hasi direla hein batean nitaz interesatzen. Hau hasi besterik ez da egin, eguneroko lana eta formakuntza, biharko sari bihurtu arte!