
Iñaki Sarriugarte hil da, ohorezko euskaltzaina eta BINKEren sortzaileetako bat
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Euskaltzaindia
Domeka honetan zendu da Iñaki Sarriugarte euskaltzale ezaguna, besteak beste, ohorezko euskaltzain, bertso saioetako epaile, euskara-eskakizunetako aztertzaile eta BINKEren sortzaileetako bat izandakoa. Gugan bego, adiskide.
Bere bizitzaren gehiengo nagusia Galdakaori lotuta eman duen Iñaki Sarriugarte Irigoien euskaltzalea hil da domeka arratsalde honetan, uztailak 6, abuztuaren 29an 73 urte betetzeko zituela. Euskal Filologian lizentziaduna eta Irakaskuntza Ertainetako eta IRALE programako irakasle eta zuzendari izandakoa lanbidez, euskara-eskakizunetako aztertzaile ere aritu zen, eta ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak 2024ko maiatzaren 31n.
Bertsolaritzaren eta literatutaren sustatzaile goxoa izan da Sarriugarte, beti diskrezio handiz aritutakoa euskalgintzaren esparru askotan. Bertsolaritzan, esaterako, zenbait bertso saioko epaile ere ibili zen Iñaki. Eta euskalgintzaren bide beretik, ordu asko sartu zituen 2015 haren bueltan —beste hamaika lagun euskaltzalerekin batera— Galdakaok eta Usansolok euren lehenengo euskara hutsezko komunikabidea izan zezaten, alegia, hedabide hauxe bera sortzeko lanean.
Doluminak Iñakiren sendiari, eta eskerrak zuri, Iñaki, gurea bezalako proiektuetan sinistu izanagatik. Gugan bego.