
Iñigo Hernandok euskararen kontrako azken epaiari «batasunez erantzuteko» agerraldian parte hartu du
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: EFE Agentzia
Auzitegi Gorenak EAEko Udal Legea garatzen zuen dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu ditu, Vox alderdiaren helegitea berretsiz. Honen aurrean, euskararen defentsan «batasunez» erantzuteko agerraldia egin dute gaur Bilbon 200 ordezkari inguruk, tartean Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.
Pasa den astean Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi zuen, Vox alderdiak jarritako helegitea berretsiz. Honen ondorioz, EAEko udal eta toki erakundeei herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu baliogabetu zituen.
Erabaki honen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia deitu zuen gaurko eta 200 ordezkaritik gora batu dira goizean Bilbon, «erantzun bateratua» emateko. Alkateek, udal hautetsiek eta euskalgintzako ordezkariek parte hartu dute hitzorduan, tartean Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak hartu du hitza agerraldian, eta salatu du «sententziak erabat hausten duela azken hamarkadetako kontsentsuarekin eta autogobernua nabarmen kaltetzen duela». «Euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzen da», nabarmendu du.
Egoera honi aurre egiteko, segurtasun juridikoa indartu eta beharrezko lege-aldaketarekin batera, euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dela azpimarratu du Eskisabelek, «adostasun handiena eta zabalenarekin herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko».