
Iskander Sagarminagak Hiruko Koroa lortu du, Katalina kanala igerian zeharkatu ostean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Iskander Sagarminagak bidalitakoa
Iskander Sagarminaga galdakoztarrak erronka berri bat burutu du: Kaliforniako Katalina kanala igerian zeharkatzea. Honi esker, itsas zabaleko igeriketako Hiruko Koroa lortu du igerilariak, munduan 300 pertsonek bakarrik lortu dutena. Berarekin hitz egin du BINKEk esperientziaren inguruan.
Iskander Sagarminaga igerilari galdakoztarrak munduan gutxi batzuek egiten dituzten erronkak egin ditu azkenaldian Eider Eibar ilustratzailearekin batera, Kokoak proiektuaren baitan.
Aurten beste hiru erronka egiten saiatuko da udan, eta hauetako bi burutu ditu honezkero. Ekainaren 29an Manhattaneko hogei zubiak igerian zeharkatu zituen, guztira 48,5 kilometro eginez 7 ordu eta 58 minututan.
Uztailaren 7 eta 8an aldiz, Katalinako kanala zeharkatzea lortu zuen, 12 ordu eta 16 minututan. «Oso egoera gogorrak izan nituen. Kriston korronteak aurkitu nituen bidean. Uste nuen azkarrago egin ahal izango nuela baina baldintzak oso txarrak ziren, pertsona oso gutxik eutsi ahal dituztenak», azaldu dio igerilariak BINKEri.
Erronka hau burutzearekin batera, Hiruko Koroa lortu du Sagarminagak, itsas zabaleko igeriketako lorpenik handienetakoa. «Mantxako kanala zeharkatzean, Manhattaneko irlari bira egitean eta Katalinako kanala zeharkatzean lortzen da koro hau», adierazi du galdakoztarrak.
Munduan 300 pertsona inguruk soilik lortu dute Hiruko Koroa eta Euskal Herrian hiruk: Jaime Caballerok, Joserra Sanzek eta orain Sagarminagak.
Lorpen honekin ordea ez dira Sagarminagak uda honetan burutuko dituen erronkak amaitu, Irlanda eta Eskozia arteko Ipar Kanala zeharkatzen saiatuko baita abuztuan.
Erronka hauen inguruko informazioa eskaintzen ari dira Sagarminagak eta Eibarrek horretarako sortutako webgunean eta baita sare sozialen bitartez.