Itzuliako etapa bat Galdakaon hasi eta amaituko da aurten

Argazkia: Itzulia.

Euskal Herriko txirrindularitza lasterketarik ezagunenak, Itzuliak, hasiera eta helmuga Galdakao izango ditu bere 2026ko etapetariko batean, bariku eguerdian jakinarazi duten bezala. Hauxe da momentuz jakitera eman duten informazioa.

Galdakaoko Udalak eta OCETAk —Euskal Herriko Itzulia txirrindularitza lasterketaren elkarte antolatzaileak— hitzarmena sinatu berri dute bariku honetan, urtarrilak 9: 2026ko Itzuliaren etapa bat udalerrian hasi eta amaituko da.

Bi erakundeetako ordezkaririk gorenenak batu dira gaur Galdakaoko udaletxean, Euskal Herriko txirrindularitza lasterketa handienaren akordioa ixteko. Bertan izan dira alkatea, Iñigo Hernando, Kiroletako zinegotzia, Asier Korta, Gazteriako zinegotzia, Amets Iturbe, OCETAko presidentea, Javier Riaño, OCETAko Harreman Instituzionaletako arduraduna, Iker Amarika, eta elkarteko idazkaria, Olatz Otero. Helburua, argia: Itzuliaren etapa batek Galdakao izateko protagonista.

Gaurko sinaduraren ostean Itzuliak ohar bidez jakinarazi duenez, «hitzarmen horren bidez, udalerria modu ofizialean egongo da txirrindularitzako probako ibilbidean, nazioarteko egutegiko hitzordu nabarienetakoa dela kontuan hartuta».

Galdakaok «kultura eta historia zabala dauka txirrindularitzaren arloan, eta, urteen joan-etorrian, harreman estu-estua izan du Itzuliarekin», adierazi dute aurkezpenean, «baina Itzulia eta Itzulia Women Galdakaotik askotan igaro badira ere, 1996az geroztik Galdakaon ez da etaparik egon», gogoratu du Riañok.

Alkateak berretsi egin du Galdakaok harreman hori daukala txirrindularitzarekin, eta gaineratu: «Barri on hau iragartzeagaz batera, eskerrak emon gura deutsiedaz Galdakao Txirrindulari Elkarteari, Mozoilo Triatloi Elkarteari eta Txirrindulari Gelari, txirrindularitzaren kultura neska-mutilen artean sustatzeko egiten daben lanagatik». Azken hau aipatuta Hernandok ezin izan du aipatu barik utzi Igor Anton, txirrindulari profesional ohi galdakoztarra, eta gaur egun aipatutako bide horretan lan «nekaezina» egiten ari dena.

Aurrerago zehaztuko dira Itzuliaren edizio berriaren datak, bai eta Galdakaok hartuko dituen hasiera- eta helmuga-puntuak ere.

situs togel

situs toto