
Joseba Sarrionaindiak, Oskar Arantzabalek eta Luis Maria Martinez Garatek solasaldia eskainiko dute Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Orreaga iritzi taldeak mahai-ingurua antolatu du biharko, martxoak 31, Torrezabal Kultur Etxean. Bertan Euskal Herriak 1977-2025 bitartean izan duen bilakaeraren inguruan arituko dira Luis Mari Martínez Garate, Oskar Arantzabal eta Joseba Sarrionandia.
Orreaga iritzi talde galdakoztarrak hitzaldi ziklo berri bat antolatu du eta honen baitan mahai-ingurua egingo dute bihar, martxoak 31, 19:00etan Torrezabal Kultur Etxean. Saioan Euskal Herriak 1977-2025 bitartean izan duen bilakaeraren inguruan arituko dira.
Taldeak ezagutzera eman duenez, Luis Mari Martinez Garatek, Oskar Arantzabalek eta Joseba Sarrionandiak eskaniko dute solasaldia.
Martinez Garate Iturralde eta Nabarralde taldeetako kidea da, eta bere liburuen artean daude ‘Nafarroako historiaren sintesia’ eta ‘Iñaki Aginaga: el hombre que pensó la nación’.
Oskar Arantzabal, berriz, ekonomian aditua da, UEU-Udako Euskal Unibertsitateko Ekonomia sailburua eta bertako Talde Eragileko kide.
Joseba Sarrionandiak euskal filologia eta soziologia ikasi zuen. Poema, narrazio eta itzulpen askoren idazlea da eta erbestean luzaroan egondakoaren ikuspegiarekin arituko da Galdakaon.
«Hizlari desberdinak, ikuspegi desberdinak eskaintzeko Euskal Herriaren bilakaeraz», adierazi dute Orreaga iritzi taldetik.