Josi Sierra: «Jendea animatzen dut Wikipedian sarrerak euskaraz sortzera»

Argazkiak: Jon Gomez Garai.

Josi Sierra, komunikatzailea
BINKE / 2026ko otsaila

«Euskarazko Wikipedia oso tresna aberasgarria da herritarrentzat»

· Josi Sierra Orrantia
1959, Bilbo

Magisteritza ikasi zuen Bilbon  eta irakasle lanetan ibili zen han eta hemen, Eguzkibegi Ikastolan esaterako, urte askotan zehar. Aholkularia izan da ere Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean eta Interneteko komunikazioan aritua da. 2019an jubilatu zen eta gaur egun euskarazko Wikipedian eta ikus-entzunezko hainbat proiektutan murgilduta dago. 

TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai

Herriko dinamiketan inplikatuta dagoen galdakoztar gutxi egongo da herrian, hilabeteko protagonista ezagutzen ez duenik. Irakaslea eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko aholkularia izandakoa, mila saltsatan sartuta dago Josi Sierra. Aurten 25 urte bete dituen Euskazko Wikipedian eta ikus-entzunezkoen sorkuntzan murgilduta dago, esaterako. Sierrarekin egon gara bere ibilbidearen eta esku artean dituen proiektuen inguruan gehiago ezagutzeko. 

Euskarazko Wikipediak 25 urte bete ditu aurten eta zu proiektu horretan murgildu zinen duela denbora luze. Nola hasi zinen euskarazko sarrerak sortzen Wikipedian? Ni 2005ean hasi nintzen euskarazko sarrerak sortzen Wikipedian. Ikus-entzunezko ikasketak egiten nenbilen Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako kanpusean eta irakasle moderno batek Wikipedia erabiltzera animatu zigun. Ni ikasle fina izan nahi nintzenez, erabiltzen hasi nintzen, oso erraza delako: izen bat eta gako bat asmatu besterik ez da behar erabiltzen hasteko. 

Zein motatako gaiei buruzko sarrerak sortzen zenituen? Batez ere niri gustatzen zitzaizkidan gaiei buruzko sarrerak sortzen nituen, eta baita ikasketerako baliagarriak izan zitezkeen gaien ingurukoak ere. Nik nekiena baino, jakin nahi nuena jorratzen nuen sarrera horietan. Audacity programaren inguruan egin nuen bat adibidez, momentu horretan denok jakin nahi genuelako nola erabiltzen zen programa hori. Elkar-eragina izateko tresna oso aberasgarria da Euskarazko Wikipedia, bakoitzak bere jakituria konpartitzeko aukera ematen duelako. 

Testuak oinarri dituzten sarrerez gain, irudiak ere sartu dituzu Wikipedian, ezta? Bai! Euskal Herriko Unibertsitateak beste hainbat erakunderekin batera Zientzia Astea antolatu zuen 2007an, urtero moduan, eta bertan parte hartu nuen. Wikipedian eta ikus-entzunezkoen munduan murgilduta nebilela aprobetxatuz, bideo-elkarrizketak egin nituen euskarazko Wikipediaren hasieran egon ziren profesionalekin eta Wikipediara bideoak ere igotzen hasi nintzen. Pilo bat ikasi nuen aste horretan, profesional itzelak ezagutzeko eta haiengadik edateko aukera izan nuelako.  Ezagutza hori Wikipedian konpartitu nuen.

Sortu zenetik, milaka eta milaka pertsonek erabili dute Euskarazko Wikipedia. Zergatik da garrantzitsua sarrerak gure hizkuntzan ere egotea? Euskaldunok ez badugu informazioa gure hizkuntzan eskuragarri jartzen, nor etorriko da sarrerak euskaraz egitera? Argi dago gu geu izan behar garela gure hizkuntzaren sustatzaile nagusiak, eta Wikipedian ere. Horregatik, jendea animatzen dut Wikipedian sarrerak euskaraz sortzera. Nire gomedioa da izena eman dezazun Wikipedian, erabiltzaile eta pasahitza asmatuz, eta probatu dagizun gaiari buruz zerbait aportatzen: ekarpen txikienak ere baerasgarriak dira; eta asko ikasiko duzu. Zure gustuko gaiak aukeratu eta euskara eta emakumeen gaiak, berdintasuna, genero arrakala, ekologia, aldaketa klimatikoa… badira, laster topatuko duzu nork lagundu. Durangoko WikiEmakumeOK adibidez, desiatzen dagoz jende berria eta gaztea hurbiltzeko.

Ikus-entzunezko ikasketak amaitu ostean, hezkuntzan murgildu zinen baina kasu honetan teknologiari lotutako ahokulari lanetan. Zein metodologia sustatzen zenuen? 2019an jubilatu nintzen eta momentu horretara arte egon nintzen aholkulari lanetan, bai. Internetek eta Wikipediak hezkuntzan ireki ahal zituzten ateak sustatzen nituen, Wikipedia batez ere oso tresna egokia iruditzen zitzaidalako ikasleen eta irakasleen ezagutza zabaltzeko, eta Internetek ematen zituen aukera amaiezinak deskubritzeko. Jubilatu nintzenean ere egiteko horretan jarraitu nuen, egia esanda asko gustatzen zaidalako. Jubilatu orduko Wikipediaren kudeaketa lanetan zebilen Galder Gonzalezek proiektu bat aurkeztu zidan: Wikipedian hezkuntza atari bat sortzea eta bertan hezkuntzari lotutako 1.000 objekturi buruzko sarrerak egitea. Eta nik ekarpenak egin nizkion 1.000 objektu horien inguruan. Beraz, jubilatu arren, aurretik egindako bide beretik jarraitu nuen, eta jarraitzen dut. 

Hezkuntzan eta Wikipedian ibili zaren bitartean eta ondoren, ikus-entzunezko hainbat ekoizpen egin dituzu eta asko emakumeen inguruan, haien artean, ‘WikiEmakumeOK DOnK’ dokumentala, Wikipediako emakume editore-taldearen prozesua azaltzen duenak. Zergatik azpimarratu nahi duzu emakumeen papera? Ikuspegi feminista nagusitzea ezinbestekoa delako. Nik etxean emakume erreferente oso potenteak izan ditut eta agian horregatik konturatu naiz historian zehar egin duten lan itzela aitortu behar zaiela. Isilduta egon da emakumeek bizitzako arlo asko eta askotan egin duten lana eta hori ez da bidezkoa. Egoera hobetzen joan den arren, oraindik asko dago egiteko eta erakusteko.

Zenbait proiektu ZINEBI jaialdian estreinatzeko aukera izan duzu. Nolakoa izan da esperientzia jaialdi horretan? Askotan egon gara han eta esperientzia oso aberasgarria da beti. Profesional eta proiektu interesgarri asko ezagutzeko aukera ematen duen jaialdia da, eta hori eskertzekoa da. Egia da ez dutela inoiz nire lanik saritu lehiaketatik kanpo aurkezten ditudalako… baina saiatzen jarraituko dut, jajaja! 

Gaur egun, dokumentalik edo ikus-entzunezko proiekturik duzu esku artean? Galdakaon 1934an «Escuela Vasca» deituriko eskola bat zabaldu zen bi andereñoren ardurapean: Monika Lekunberri eta Rosita Lekerika. Hirurogei bat ikaslek eman zuen izena eta klaseak 1934ko martxoan hasi ziren. Momentu hau abiapuntu hartuz, Andereño Monika dokumentala sortu nuen Itziar Barrenetxearekin batera, eta dokumentala egiteko prozesuan konturatu nintzen aitzindariak izan ziren beste emakume batzuk egon zirela Bizkaian. Hamaika izan ziren eta horiei buruzko dokumentala da orain prestatzen nagoen proiektua. 

Andereño Monika aipatu duzu baina, horretaz gain, Galdakaon erreferente izandako beste pertsona edo gertakariei buruzko ikerketak ere egin dituzu. Zergatik da garrantzitsua herriaren memoria bizirik mantentzea? Lehen aipatu dudan moduan, historiak ez du ikuspegi feministarik izan, ezta gutxietsiak izan direnena ere. Horregatik, gogora ekarri nahi izan dut beti Galdakaon gertatu zena, adibidez, naziek egin zuten bonbardaketa; edo herrian erreferente izan diren pertsonak, hala nola, Margari emagina. 1928 urtean haurdun zeuden emakume pobreei laguntzeko lanean hasi zen Galdakaoko Udalarentzat eta 1964ra arte ehunka ume erditzen lagundu zuen emakume horrek, eta bere lana ez da inoiz aitortu. 

Herriko kulturari oso lotuta egon zara beti eta Sormene jaialdiaren prestakuntzan parte hartu duzu zenbaitetan. Zer esan nahi du Galdakaorentzat Sormene bezalako jaialdi bat izateak? Oso proiektu polita eta aberasgarria da denontzako: kudeaketa lanetan dagoen jendearentzat, parte-hartzaileentzat, herritarrentzat… Erreferente bihurtu da atzean dagoen lana itzela delako, eta herriko sortzaileak eta Euskal Herrikoak batzen dituen plaza delako. Azken urteetan gainera, Ane Legarreta orkestra zuzendaria ibili da kudeaketa lanetan eta egiten ari den lana benetan miresgarria da. Esperientzia eta ikuspegi zabala duen emakumea da, eta aldi berean Galdakaori oso lotuta jarraitzen duena. Hemen ikasi du eta herriko sustraiak oso presente ditu beti, Sormenen eta doan leku guztietara. •

situs togel

situs toto