Jostal Leku Txoko galdakoztarrak 50 urte bete ditu aurten. Gastronomiaz gozatzeko eta herriko bizitza sozialean parte hartzeko gogoz sortu zen eta gaur egun 14 bazkide ditu. Hauetako birekin batu gara, txokoaren ibilbideaz sakontzeko asmoz.
Lagun talde batek sortu zuen Jostal Leku Txokoa Galdakaon duela 50 urte, «gastronomiaz gozatzeko eta herriko bizitza sozialean parte hartzeko gogoz». Ordutik, erreferente izan dira herrian, lagun arteko bizikidetza eta gastronomia bultzatzen.
Hasieran, Jostal Leku Txokoak 30 bazkide inguru zituen eta lagunekin biltzen ziren janaria prestatzeko, hitz egiteko, ekintzak antolatzeko eta, «Someran ardoak hartzen ez egoteko». Urteetan zehar 60 kide baino gehiago izan zituen, eta Galdakaoko ekitaldi herrikoi ugaritan protagonista izan zen txokoa. «Beste elkarte eta taldeekin batera hainbat jardueratan parte hartu dugu, Galdakao herri oso bizia delako», adierazi du Javier Crespo idazkari eta diruzainak.
Txapelketa asko. Hamazazpi urtez, 2000 eta 2017 artean, bazkideek bakailao pil-pil eta marmitako txapelketak antolatu zituzten, baita txitxiburduntzi lehiaketak ere, Bekea auzoko jaietan modu aktiboan parte hartzeaz gain, Auzo Elkartearekin batera. Mus txapelketen urrezko garaia ere izan zuen taldeak. «Herri mailan herriko txokoetan mus txapelketetan parte hartu dugu askotan eta baita probintzia mailan ere. El Correo egunkariak antolatzen zuen lehiaketan adibidez, koadrila osoak biltzen zituena barre algara eta karta onen artean», azaldu du Crespok.
Hala ere, «existentziaren ezjakintasunak, denboraren joanak eta belaunaldien arteko erreleborik ezak» eragina izan dute eta gaur egun 14 bazkide baino ez ditu elkarteak. «Taldearen espirituari bizirik eusten diogu», azpimarratu du Juan Manuel López presidenteak, «bizitasun berria» behar dutela aitortuz. «Oso zaila da mota honetako txokoak mantentzea, gaur egun beste zaletasun batzuk dituztelako gazteek. Txokoen garaia atzean geratu da eta pena handiz esaten dugu, guri jende berria batzea asko gustatuko litzaigukeelako», presidenteak. «Ateak zabalik dituen txokoaz ari gara, izan ere, bazkideen espiritua da edonor hurbildu daitekeela trago bat hartzera eta partida bat jokatzera», adierazi du Lópezek.
Ospakizun berezia bazkideentzat. Aurrera begira baina aurreko garaiak ahaztu gabe, azaroaren 30ean ospatu zuen Jostal Lekuk 50. urteurrenaren ekitaldia. Hildako bazkideen omenezko meza egin zuen taldeak, eta ondoren bazkideentzako eta senideentzako askaria eskaini zuen, 50 urteko historia eta adiskidetasuna ospatzeko. «Topaketa hunkigarria izan zen, oroitzapen eta pasadizoz betea, baina baita etorkizunari begiratzeko aukera eskaini zuena ere», nabarmendu dute bazkideek.
«Ospakizun horrek oroitzapenak indartzeko balio izana espero dugu, baina baita aurpegi berriei ateak irekitzeko ere», adierazi dute antolatzaileek. «Jostal Leku beti izan da elkartzeko eta dibertitzeko leku bat (bere izenaren itzulpenaren arabera), eta beste urte askotan zehar ere hala izaten jarraitzea nahi dugu», gaineratu dute.
«Tokiko gizarte askok erronka berberei aurre egiten dieten une honetan, Jostal Lekuk tradizioak eta pertenentzia-zentzua bizirik mantentzearen balioa irudikatzen du. Historiak erakusten du txokoak ez direla jateko leku bat soilik, baizik eta elkarrekin bizitzeko, partekatzeko eta komunitatea eraikitzen jarraitzeko espazio bat», diote.
Horregatik, eta «50 urteko ibilbideak jarraitzea merezi duelako», txokoan izena ematera animatu dituzte galdakoztarrak: «Sukaldean aritzeko, hitz egiteko, barre egiteko eta lagunartean bizitzaz gozatzen jarraitzeko espazio bat izateko gogoa baduzu, Jostal Leku zure zain dago». Izena eman daiteke txokojostaleku@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez edo 657 778 882 telefono zenbakiaren bidez. •




