Julen Gomez galdakoztarra, Gatiburentzat gitarra eraiki duten ingeniarien artean

Argazkia: EHU.

Gatibuk zapatuan emango dio amaiera 25 urteko ibilbideari, BEC-en antolatuko duen kontzertu berezian. Kontzertu horretan EHUko ingenieritza ikasle talde batek egindako gitarra elektrikoa erabiliko du taldeak eta Julen Gomez galdakoztarra irakaslea izan da proiektu horren laguntzaileetako bat.

Agur esan barik birarekin emango dio amaiera Gatibu talde ezagunak 25 urteko ibilbideari. Musturrek sartunde, Urepel eta Euritan Dantzan abesti ezagunen sortzaileek azken kontzertuak eskainiko dituzte asteburuan eta amaiera ofiziala zapatuan egingo dute, emanaldi «oso bereziarekin».

Kontzertu horretan Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingenieritza Eskolako ikasle talde batek egindako gitarra elektrikoa erabiliko du Haimar Arejita Gatibuko gitarra-joleak. Instrumentua Gernikako taldearentzat bereziki diseinatu eta sortu da, ikasleek azaldu dutenez.

Proiektuaren parte-hartzaileen artean Julen Gomez irakasle galdakoztarra dago —argazkian bigarrena ezkerretik hasita— eta harekin hitz egin du BINKEk. «Proiektua Guitar STREAM ekimenaren baitan egin da eta hori Bilboko Ingenieritza Eskolako Ingenieritza Elektrikoko sailean sortu zen, Javier Mazon eta Jorge Lazaro irakasleek bultzatu zuten. Ni sail berdinean nagoenez eta gitarra jotzen dudanez ekimenera batu nintzen, Iraide Lopez eta Itxaso Aranzabalekin batera», adierazi du Gomezek.

«Guitar STREAM ekimenaren helburua teknologiarekin adibide praktikoak egitea da, ikasleak ingerienitzara hurbiltzeko», azaldu du galdakoztarrak. Ildo honetan sortu zen Gatiburentzat gitarra sortzeko ideia, taldeak Boiseko jaialdian emandako kontzertuan.

«Jaialdian unibertsitateko ordezkari batzuk izan ziren ere eta taldeari azaldu zioten zer den Guitar STREAM proiektua. Gatibu amaiera birari buruzko dokumentala grabatzen ari denez, taldeari interesgarria iruditu zitzaion gitarra baten sorkuntza prozesua ezagutzera ematea eta horrela sortu zen ekimen hau», azaldu dio Gomezek BINKEri. «Erronka handia izan da. Bi hilabete eskasean diseinatu eta ekoitzi dugu», azpimarratu dute ikasleek.

Gitarra Gernikako taldearen esku dago jada eta Haimar Arejita Gatibuko gitarra-joleak hartu zuen ikasleen eskutik asteartean. Gitarra jasotzean ikasleek egindako lana eskertu zuen musikariak eta kontzertuan erabiliko duela baieztatu zuen.



situs togel

situs toto