Kamioi batek auzokide bat harrapatu eta zauritu du Bekean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bekeako Auzo Elkartea
Kamioi batek auzokide bat harrapatu eta zauritu zuen Bekeako zubian martitzenean, auzokideek BINKEri aitortu diotenaren arabera. Auzo elkarteak salatu duenez, «bide arriskutsua da eta urteak daramagu Udalari konponbide bat eskatzen».
Auzokideek BINKEri aitortu diotenaren arabera, kamioi batek auzokide bat harrapatu eta zauritu zuen Bekeako zubian martitzenean, abenduak 10. Kamioiak talka egin zuen errepide ertzeko hesiarekin eta ondoren auzokidea harrapatu zuen, errepidera botata.
Bekeako Auzo Elkartetik adierazi dutenez, auzokidea ospitalean dago. «Bide arriskutsua da ibilgailuentzat, pertsonentzat, bizikletentzat… Oraingoan auzokide bat dago ospitalean, baina hurrengoan?», salatu dute auzokideek.
«Urte asko daramagu Udalari konponbide bat eskatzen eta beti esaten digute proiektu bat egiten ari direla, baina ez dute ezer egiten. Ez dago bizilagunik inguru horretatik igarotzean beldurrik izan ez duenik», adierazi dute.