Kepa Artetxe dantza-maisu erreferentea hil da

Argazkia: Julio Legarretaetxebarria.

Euskal Herriko dantza-maisu ezagunenetako baten pausoak itzali egin dira betiko: Kepa Artetxe galdakoztarra hil da bart goizaldean, 85 urte zituela. Eredu izan da euskal dantza tradizionalaren esparruan Artetxe, baina, zergatik? Ondoko albistean egin dugu hori ulertzeko errepaso arina.

Euskal dantza tradizionalen ikerketa, berreskuratze eta irakastean erreferente izan den Kepa Artetxe galdakoztarra hil da abuztuaren 6tik 7ra bitarteko goizaldean, 85 urte zituela.

Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko sortzailea 1955. urtean, dantza-maisutzat hartu du Euskal Herriko dantzarien komunitateak Artetxe, eta talde honek egindako dantza gehienen ikerketa eta berreskuratzearen atzetik aritu izan da urte luzez lanean.

Dantzaren arlo horretan, ehunka eta ehunka izan dira Artetxek ikasle izan dituen dantzariak, eta bereziki ezaguna izan da Arratiako jotaren hedapenean egin duen lana. Horretan Euskal Herriko erreferente nagusia izan da, Dantzan atariaren arabera. Ezagun ziren, gainera, nazioarteko zein Euskal Herriko oholtza askotan bere alaba Soiartzerekin batera dantzatzen zituen jota eta porruak.

Hiru alaba izan zituen Kepa Artetxek Mertxe Arrienekin batera, eta hirurak musika eta dantzaren esparruan hezi zituzten, bakoitzak bere aldetik ekarpen handiak eginez gurasoen testigu; aipatutako Soiartze Artetxerekin batera, Ainara Artetxe musikaria eta Larraitz Artetxe dantza irakaslea.

Baina dantzan egiteak eta honen bizirauteak bakarrik ez du arduratu izan Kepa. Naziogintzan lan handia egin izan du, besteak beste, Galdakaon egoitza duen Orreaga Iritzi Taldearen baitan. Berak ez zituen alderdi politikoak maite, «baina bai politika». Zentzu horretan, BINKEri 2018ko ekainean eskainitako elkarrizketa nagusian adierazpen irmoak egin zituen, «krisi kulturala eta, beraz, krisi nazionala bizi dugula» esanez, besteak beste.

Kepa Artetxe agurtzeko hileta-elizkizuna barikuan, abuztuak 8, Elexalde auzoko Andra Mariko elizan izango da, 18:00etan hasita.

Gugan bego, maisu.