Galdakaoko Udaleko Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak sei ekintza antolatu ditu abenduan zehar adinekoentzat. Besteak beste, kontzertua, sukaldaritza tailerra eta bilobekin eskulanak egiteko saioa eskainiko ditu.
Aurreko hilabeteetan bezala, Galdakaoko Udaleko Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak sei ekintza eskainiko ditu herriko adinekoentzat.
Ekintza hauen bitartez, «kolektibo hori osatzen duten pertsonek bere zaletasun berak dituen jendearekin gozatu ahal izango dute».
Hauek dira sei ekintzen data eta ordutegiak:
- Abenduak 9, martitzena: ‘Aulki hutsa’ Gandasegi eskolan, 18:30ean. Parte hartu ahal izateko izena ematea beharrezkoa da eta epea zabalik dago.
- Abenduak 12, barikua: ‘6 hariko musika’ antzezpena, Izarra adinekoen zentroan. Izena ematea beharrezkoa da eta epea zabalik dago.
- Abenduak 10 eta 17: Gabonetako sukaldaritza tailerra. Abenduaren 10ean Eguberrirako menua prestatuko da eta 17an, berriz, Urte berrirako errezetak landuko dira. Saioak Lagun Artean izango dira, biak 17:30ean, eta izena emateko epea dagoeneko zabalik dago.
- Abenduak 16, martitzena: Bergarara bisita kulturala. Parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea eta epea zabalik dago.
- Abenduak 18, eguena: Pagasarrira irteera eta, amaitzean, bazkaria Bilbon. Interesdunek abenduaren 10etik aurrera izena eman ahal izango dute, 30 plaza bete arte.
- Abenduak 29, astelehena: Bilobekin lore apaingarriak egiteko tailerra. Jarduera hau helduentzako eta haurrentzako irekia da, aitite amamek uren bilobekin denbora partekatzeko prestatua. Elkarbizin izango da 17:30ean. Parte hartu ahal izateko izena eman behar da, abenduaren 12tik aurrera.
Horiez gain, adineko pertsonen beharrei erantzuten die zerbitzuak. Aisialdirako jarduerak proposatzen ditu, IMSERSOko bidaien inguruko informazioa eta jubilatu eta pentsiodunentzako informazioa eskaintzen du eta orotariko kontsultak eta aholkularitza ematen ditu.
Proposatutako jarduera guztietan, izena emateko lehen egunean, arreta ordutegia 08:00etatik 13:30era izango da; gainerako egunetan, Adinekoen Dinamizatzeko Zerbitzuaren bulego ordutegia 10:00etatik 13:30era izango da astelehenetik barikura, eta eguenetan 16:00etatik 18:00etara. Pertsona bakoitzeko gehienez bi inskripzio onartuko dira jarduera guztietan.




