
‘Lana’ dantza ikuskizuna hartuko du Torrezabalek domekan, Osa+Mujika taldearen eskutik
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Osa+Mujika taldea
Osa+Mujika taldeak ‘Lana’ dantza ikuskizuna eskainiko du domekan, apirilak 6, Torrezabal Kultur Etxean. Honetan, «lan-kultura obsesiboa» irudikatuko du konpainiak.
Urtarriletik ekainera bitarte 23 ikuskizun hartuko ditu Torrezabal Kultur Etxeak, eta hauetako bat domekan izango da, apirilak 6. Egun horretan Osa+Mujika helduko da Galdakaoko aretora, eta Lana’ dantza ikuskizuna eskainiko du.
Obra honetan lan-kultura obsesiboaz hausnartuko du taldeak: «Gure bizitzako aukera orain eta hemen dagoela uste dugu eta ezin diogula honi ihes egiten utzi; aurrerago, etorkizunean, gure bizitza pertsonalerako denbora izango dugula pentsatuz bizi gara. Ia dena sakrifikatzen dugu gure helburu profesionalak lortzeko, gure osasun fisiko eta emozionala alde batera utziz».
Ikuskizuna bost interpretek taularatuko dute 60 minututan eta 2025eko otsailaren 1ean Donostiako Gazteszenan estreinatu zen. Galdakaon domekan, apirilak 6, interpretatuko dute, 19:00etan, eta sarrerak eskuragai daude ohiko webgunean.