Lapurreta-uholdea salatu dute Galdakaon, bereziki Zuhatzu inguruan

Argazkia: Zmeel, Getty Images.

Dozenatik gora lapurreta txiki salatu dituzte azken asteotan Galdakaon, bereziki Zuhatzuko tren geltokiaren inguruan: autoak, lepokoak, jatetxeak, bizikletak, patineteak… izaten ari dira ebasteen xedea, eta erne egoteko deia zabaldu dute zenbait auzokidek sareen bidez. Auzokideekin eta Udaltzaingoarekin hitz egin du BINKEk.

Uda sasoiarekin batera, herrietako bizilagun asko oporretan etxetik kanpo daudela aprobetxatuta, iritsi ohi dira lapurreta asko. Etxebizitzetan gertatzen dira maiz, baina Galdakaon azken asteetan salatutako lapurretak ibilgailuetan, jatetxeren batean eta bestelako ondasun materialetan salatzen ari dira sare sozialen bidez.

Lapurreta horien jatorria Zuhatzu auzo galdakoztarrean omen dago, azken lapurreta-uholde honetan behintzat, tren geltokiaren eta Santa Barbara futbol zelaiaren inguruan. Hala jakinarazi zioten bertako auzokide batzuek BINKEri, eta hala salatzen ari dira zenbait herritar Facebook plataformaren bidez, argazki eta guzti.

«Nire etxera oporrak igarotzera datozen hiru turista-familiei autoetan lapurtu deutsie, eta oporrak bertan behera utzi behar izan dabez horren ondorioz», adierazi dio Zuhatzuko bizilagun batek komunikabide honi. Auzo berean, tren geltokiaren parean bizi den beste auzokide batek salatu du bere aitari urrezko lepokoa lapurtu egin diotela sasoi beretsuan, Zuhatzuko autobus geltokian, eta horrela gaineratu du auzokide berak: «Geltoki aurrean 5.000 euro inguruko bizikleta bat be lapurtu eben, gure kamioiaren bateria, beste bizikleta elektriko bat, beste bi autoetan lapurtu dabe gure etxe aurrean… eta patinete elektriko bat gure etxeko atarian lapurtzen saiatu ziran, baina azken hau saihestu egin genduan».

Dozenatik gora lapurreta salatu dituzte dagoeneko abuztuan zehar, eta horien artean Zuhatzuko jatetxe batekoa ere salatu dute. «Kalte materialak sortzeaz gain, bi mila euro inguru lapurtu deuskuez», azaldu dute jatetxeko arduradunek.

Zuhatzu auzotik egindako salaketen ondorioz, sareetan Zabalea eta Bengoetxe auzoetako bizilagun batzuek ere ‘modus operandi’ berean egindako ebaste batzuk salatu dituzte.

Tren geltokiaren auzoko bizilagun batzuek BINKEri azaldu diotenaren arabera, «askok bat egiten dogu lapurketa hauen jatorrian; badakigu nortzuk diran eta non bizi diran ‘okupa’ modura, gauero tren geltokiaren ingurura joatea baino ez dago». Gaineratu ere egin diote hedabide honi: «Berehala neurririk hartzen ez bada, gauzak okerrera joango dira eta etxebizitzetan lapurtzen hasiko dira».

Galdakaoko Udaltzaingoak badu «gertakari batzuen berri, eta zaintza handitzen ari gara inguru horretan», adierazi dio udaltzainburuak BINKEri.