
Maria Casillas igerilari galdakoztarrak Europako errekorra hautsi du, 4×50 errelebotan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Maria Casillasek bidalitakoa
Zapatuan, maiatzak 31, V. Jose Luis Cepeda Abiadura Saria antolatu zen Getxon eta bertan parte hartu zuen Maria Casillas galdakoztarrak. Igerilariak Europako errekorra hautsi zuen 4×50 errelebo master kategorian bere hiru taldekideekin batera.
Maria Casillas igerilari galdakoztarrak errekorrak hausten jarraitzen du. Apirilean Bizkaiko errekor absolutua hautsi zuen berriro, 50 metro bizkar estiloan. Kasu honetan aldiz, Casillasek Europako errekorra hautsi du 4×50 errelebo master kategorian.
Maiatzaren 31n egin zuen, Getxoko Fadura kiroldegian antolatutako V. Jose Luis Cepeda Abiadura Sarian, bere kide Cristina Mardones, Naia Ibarrondo eta Ane Ibarrondorekin batera.
Laukoteak 1’57″67-ko denbora egin zuen, aurreko 1’57″71-ko marka hautsiz. «Oso pozik gaude, are gehiago kontuan hartuz kideetako bat denbora luzez lesio batekin egon dela eta azkenean lehiaketa honetara heldu ahal izan dela», adierazi dio Casillasek BINKEri.
«Gure hurrengo erronka berriz errekorra hausten saiatzea da», azaldu du igerilari galdakoztarrak.