Zabalean
Joanes Urkixo Beitia
BINKE / 2026ko otsaila
Gizakion gaitasunen artean, idaztea garrantzi handienetakoa dugu, gizateriaren historian zehar oinarrizko komunikazio tresna, norbere asmoak, nahiak, sentimenduak eta iritziak adierazteko modua izan delako. Hala ere, gaitasun gutxi dira berau bezain gutxietsiak, denok baitakigu, geure ingurura begiratuta, gehienak ozta-ozta direla mezuak koherentziaz idazteko gai. Eta, aldiz, euren iritziak argi, zehatz eta estilo apur batez osatzen dituzten gutxi horiek abantaila konpetitiboa daukatela.
Behintzat, hala izan da inteligentzia artifiziala etorri arte. Gauetik egunera, berriz, gizaki gehienok baino zuzenago idazten duen tresna hau nonahiko bihurtu da, dela Googlen edo Worden, dela mezu aplikazioetan edo ChatGPT-ren bidez idazketa txukuna denon eskura jarririk. Eta doanik. Ustekabean, galdera da ondo idazteko ahalegina merezi ote duen, biharkoan ere abantaila konpetitiboa izango ote den.
Galdera honi erantzun ahal izateko, har ditzagun kontuan, lehenik, Adimen Artifizialak eskaintzen dituen beste abantailak, ortografia eta sintaxi zuzenen berma emateaz gainekoak: laburbiltzen, luzatzen, estiloak imitatzen, hizkuntzen artean itzultzen eta antzekoetan iaiotasun aparta dauka, bai, baina alderdi hauek guztiok konpartitzen duten abantaila da benetan goren eta gaindiezina: denbora aurreztea.
Beraz, epe labur edo ertainean mundu guztiak idatziko du Adimen Artifizialaren laguntzaz eta honek onura ekarriko du gehienentzat, ideiak eta aldarrikapenak ahalegin handirik gabe, hobeto eta bizkor ezagutarazteko bidea emango duen aldetik. Baina, gaitasun mailan gorantz egin ahala, zalantzak sortzen dira: zer on ekarriko dio IA-k ondo edo are bikain idazten duenari? Ez ote du hezkuntza eredua aldatuko, idazteak hezkuntza tresna legez balioa galdu arte? Ez ote du pentsamendu kritikoa akabatuko?
Jakina, aurreikuspenik ilunenak ere oraingoz espekulazioa baino ez direnez, baikorrak ez dira falta. IA-ren algoritmoak mugak badituela nabarmentzen dute hauek, sortzen duen edozein testu, azken batean, zeuk emandako idea bera baita, betegarri hutsez apaindua. Idaztea, pentsatzea da. Ondo idaztea, argi pentsatzea. Gaitasun ezin zailagoa, beraz, gizakiaren ez beste inoren eskura ei dagoena eta IA-k egundo bereganatuko ez duena.
Nik behintzat ez nuke abade hori nire aita ez denik esango. Oraingoz, argi dago ondo idaztearen abantaila konpetitiboak gero eta esparru mugatuagoa izango duela eta, Adimen Artifizalak dakarren «Bai Mundu Berri» horretan nortasun indibidualari eusteko, sormena beti beharrezkoa izango dela. Baliteke, agertoki horretan, hizkuntz-akatsa gizakiaren askatasunaren ikur bihurtzea. Badaexpada, ni yadanik entzeatxen asi nais.




