Muguet loradendak 1983ko urrian ireki zuen Galdakaon eta 42 urteko ibilbidearen ostean, uztailaren 24an itxi zituen ateak. Maria Isabel eta Jose jabeekin hitz egin dugu urte guzti hauetako esperientzia ezagutzeko.
Auzokideak hazten ikusi dituzten hainbat negozio herrietatik desagertzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Galdakaon ere, aiton-amonak, gurasoak eta seme-alabak ezagutu dituzten dendak ixten ari dira, Muguet loradenda esaterako.
Dendak 1983ko urrian ireki zuen Galdakaon eta 42 urteko ibilbidearen ostean, uztailaren 24an itxi zituen ateak. «Orain urte guzti hauetan pilatu dugun guztia batzeko ordua da», adierazi zioten BINKEri nostalgiaz Maria Isabel eta Jose jabeek.
Gipuzkoa kalean kokatuta, betidanik han erosi duten galdakoztarrak botako dituzte faltan batez ere. «Egia esan haiengatik dugu pena handiena, izan ere, negozioarekin oso nekatuta gaude. Nagusiak egin ahala gero eta gogorragoa da guretzat eta horregatik erabaki dugu ixtea», dio bikoteak. «Josek duela urte batzuk hartu zuen erretiroa baina dendan laguntzen jarraitu du eta niri jubilatzeko momentua heldu zaidanean, ez dut pentsatu», dio Maria Isabelek.
Loradenda bat baino gehiago izan da Gipuzkoa kalean 42 urte eman dituen Muguet. Ehorztetxeekin, hotelekin eta beste hainbat sektorerekin lan egin dute denbora guzti honetan. «Azkenaldian adibidez, ezkontza asko egin ditugu, eta zerbitzua handitzen joan gara. Loreez gain, apaingarriak ere egin ditugu», azaldu dute.
Jendearekin izandako harremana da bikotearentzat lan honen alderdirik onena. Txarrena aldiz, aroka lan egiten dela, eta askotan egun gutxitan pilatzen dela lana. «Domu Santu egunean ditugun eskari guztietara heltzeko adibidez, hainbat zehar egunetan jarraian egin behar dugu lan, deskantsu barik», aitortu dute. Amaren Eguna eta Gabonak ere lan handiko aroak dira loradendentzat bikotearen esanetan.
Sektorean jarraituko dute biek, baina orain «presio barik». «Lagunei laguntzen jarraituko dugu, baina etekinak lortzeko eta epeetara heltzeko presio hori barik», diote irribarretsu.
Lorandenden etorkizunaren inguruan galdetuta, iraungo dutela uste dute. «Sektore guztietan bezala, egokitzen joan beharko dira, eta bakoitzak bere publikoa aurkitzen. Askotan produktu merkeak saltzen hasten dira, eta pixkanaka konturatzen dira hobe dela garestiago saldu eta kalitate hobea ematea. Guk adibidez, material asko Herberehetatik ekartzen genuen», azaldu du Josek.