Palestinaren aldeko elkarretaratzeak egingo dituzte urriaren 21ean Galdakaon eta Usansolon
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Freeimages
Gernika-Palestina herri ekimenak urriaren 21ean Palestinaren alde mobilizatzera deitu du. Galdakao eta Usansolo deialdira batu dira eta kontzentrazioak egingo dituzte udaletxe aurrean eta Izar plazan, hurrenez hurren.
Israeli Palestinan genozidioa amaitzea eta Israeli armen eta baliabide militarren salerosketa etetea eskatzeko helburuz, Gernika-Palestina herri ekimenak urriaren 21ean mobilizatzera deitu du euskal gizartea. Jardunaldian mobilizazio sindikalak eta hezkuntza-komunitatearenak egingo dira goizean, eta arratsaldean aldiz, elkarretaratzeak egingo dira udaletxeen aurrean.
Hainbat herri batu dira deialdira, haien artean Galdakao eta Usansolo. Galdakoztarrak udaletxearen aurrean batuko dira eta usansolotarrak aldiz, Izar plazan. Kontzentrazio biak 19:00etan izango dira.
«Bidegurutze historiko batean gaude! Humanitateak une erabakigarria bizi du! Eta guk etorkizuna eta itxaropena eraikitzearen aldeko hautua egin dugu. Ezin gara isilik geratu. Genozidioa STOP! Gerrarik EZ! Euskal jendartea historiaren alde onean dagoela ziurtatu nahi dugu. Bakearen, justiziaren eta gizatasunaren aldean», adierazi du Gernika-Palestina herri ekimenak.