Palestinari elkartasuna adierazi dio Galdakaoko Udalak, Vueltaren harira

Argazkia: CGT

Espainiako Vuelta txirrindularitza itzulia gaur, irailak 3, igaroko da Galdakaotik. Bertan Israel-Premier Tech taldea parte hartzen ari dela kontuan hartuta, aho batez adostutako Adierazpen Instituzionala argitaratu du Udalak, Palestinari elkartasuna adierazteko.

Abuztuaren 23an hasi zen Espainiako Vuelta txirrindularitza itzulia eta gaur, irailak 3, 11. etapa lehiatuko da. Bilbon hasi eta bertan ere amaituko da eta tartean, besteak beste, Galdakaotik igaroko da, BINKEk jaso zuen moduan.

Txapelketa honetan Israel-Premier Tech taldea parte hartzen ari da eta «talde hori Palestinaren aurkako genozidioa egiten ari den Israelgo estatuaren ordezkaria dela» eta 2024an osoko bilkuran onartutako bi mozio onartu zituela «gure herritar gehienen kezka eta haserrea jasoz», Galdakaoko Udalak honako adierazpena onartu du, aho batez:

«Galdakaoko Udalak, aho batez jakinarazten du:

Galdakaoko Udalak irmotasun osoz gaitzesten dituela Israelgo Estatuak Palestinan egindako ekintza militarrak, nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena eta biztanleria zibilaren aurkako eraso indiskriminatuak direlako.

Galdakaoko Udalak Palestinako herriari elkartasuna eta maitasuna adierazten dizkiola, milaka bizitza galdu izana eta jasaten ari den sufrimendu bidegabea deitoratuz.

Galdakaoko Udalaren iritziz kirolak topaketarako eta giza balioetarako gunea izan behar duela, eta ondorioz, egoera honek irauten duen bitartean, Israelgo taldeek eta selekzioek nazioarteko lehiaketetan parte hartu izana salatzen duela, horiek Palestinako herriaren giza eskubideak sistematikoki urratzen dituen potentzia baten irudia zuritzeko erabiltzen baitira.

Horregatik guztiagatik, Galdakaok herri solidario, bakearen defendatzaile eta herri zapalduen defentsa historikoa berresten duela. Gure ekintza instituzional, sozial, kirol eta kulturalarekin koherentea izan dadin lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, betiere justiziaren eta herrien duintasunaren alde.

Bide horretan, Galdakaoko Udalak Palestinako ikurra jarriko du udaletxeko balkoian herri palestinarrarekiko elkartasun keinu gisa, eta publiko egingo du honako Adierazpen Instituzional hau. Halaber, Vueltaren zuzendariari helaraziko dio adierazpen hau».