
Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu dute Gandasegiko zenbait familiek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Arkaitz Lasarte
Gandasegiko zenbait familiek elkarretaratzea deitu dute barikurako, maiatzak 16, Palestinari elkartasuna adierazteko. Kontzentrazioa Kurtzeko plazan izango da eta barikuro errepikatuko dute ekainaren 20ra arte.
Bihar, maiatzak 15, ‘Nakba’ izenez ezagutzen den palestinarren desplazamendu behartuaren 77. urteurrena beteko da, adituen esanetan milaka palestinar errefuxiatzera behartu zituen hondamendiarena.
Honen harira, eta Palestinako herritarrek gaur egun jasaten ari diren «desplazamenduak, jazarpenak, bonbardaketak eta oinarrizko eskubideen ukazioa» salatzeko helburuz, elkarretaratzea deitu du Gandasegi eskolako guraso talde batek barikurako, maiatzak 16.
Elkarretaratzea Kurtzeko plazan izango da 17:00etan eta barikuro errepikatuko da ekainaren 20ra arte, «Palestina jasaten ari den genozidioa salatzeko».
«Azken hemeretzi hilabeteetan, Gazaren aurkako erasoaldiak aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa eragin du, milaka biktima daude dagoeneko, eta azpiegitura zibilen suntsiketa sistematikoa da, eskolak, ospitaleak eta etxebizitzak barne. Palestinako haurtzaroa, herritar guztiekin batera, egoera jasangaitz baten biktima izaten ari da, nazioarteak beste alde batera begiratzen duen bitartean», adierazi du guraso taldeak.
Familia antolatzaileek azpimarratu dutenez, «deialdi hau ez dago mugimendu edo kolektibo jakin bati
lotuta; Gandasegiko gurasoen ekimen pertsonalari erantzuten dio. Guraso horiek guztiek, banaka,
ahotsa altxatu eta Palestinako herriari elkartasuna adierazi nahi diote».
«Familiak, ikasleak eta herritarrak, oro har, gonbidatzen dira asteko elkarretaratze horiekin bat egitera, babesa adierazteko eta Palestinan genozidioa amaitzea eta giza eskubideak errespetatzea eskatzeko. Izan ere, gaur inoiz baino gehiago, Palestinaren kausa gizateriaren kausa da», nabarmendu dute familiek.