Pantxoa Karrere ere izango da Galdakaoko Euskararen Eguneko ekitaldian
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Badok
Galdakaoko Euskararen Eguneko ekitaldi nagusia abenduaren 3an izango da Torrezabalen eta hitzorduan Izaskun Rekalderi omenaldia egingo diote. Besteak beste, usansolotarraren laguna zen Pantxoa Karrere musikariak parte hartuko du hitzorduan.
Bi egun baino ez dira geratzen Euskararen Egunerako. Urtero moduan abenduaren 3an ospatuko da eta Galdakaok bat egingo du aurten ere egitarau anitzarekin. Ekitaldi nagusia ordea egun horretan bertan izango da Torrezabal Kultur Etxean.
BINKEk jaso zuen moduan, Galdakaoko hitzorduan Izaskun Rekalde omenduko da, euskararen alde egindako lanagatik. Usansolotarra Arnas Dezagun eta Pantailak Euskaraz ekimenen sortzaileetako bat izan zen eta bere omenaldian izango dira ekimen hauetako hainbat kide.
Halaber, Rekalderen laguna zen Pantxoa Karrere musikaria izango da Torrezabaleko ekitaldian eta hainbat kanta eskainiko ditu.
Saiorako sarrera doakoa izango da baina aurretik gonbidapena deskargatu behar da Torrezabaleko saioetarako sarrerak eskuratzen diren ohiko webgunean.