
Porrotxek, Marimototsek, Pupuk eta Lorek ikuskizuna eskainiko dute Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Victoria Eugenia Antzokia
Torrezabal Kultur Etxeak Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen ‘Ostirala iritsi da!’ ikuskizuna hartuko du barikuan, maiatzak 30. «Basoa, jolasak, eskulanak, kantuak, irriak eta bihurrikeriak» ikusiko dituzte txikienek lan honetan.
Herriko txikienentzako eta familientzako saioak hartuko du barikuan, maiatzak 30, Torrezabal Kultur Etxeak. Zehazki, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoak helduko dira Galdakaora.
Pailazoek ikuskizunak eskainiko dituzte 17:00etan eta 19:00etan eta Txapas irakaslearen istorioa izango dute abiapuntu, bere azken lan egunean. Harekin bizitako abenturak eta ikasitako gauza polit guztiak ospatzera etorriko dira Pupu, Lore, Porrotx eta Marimotots herriko lagunekin batera.
«Basoa, jolasak, eskulanak, kantuak, irriak eta bihurrikeriak ez dira faltako. Txapasekin beti da ostirala!», adierazi dute pailazoek.
Saioetarako sarrera gutxi geratzen dira eta eskuragai daude ohiko webgunean.