Euskal Triatloi Federazioko presidente kargutik dimisioa eman du Richard Gomez galdakoztarrak, «Euskal Triatloi Federazioa niri bakarrik axola zitzaidala zirudielako». Berarekin hitz egin du BINKEk, eta hemen batu ditugu dimisioaren arrazoi guztiak.
Richard Gomez galdakoztarrak 2024ko azaroan hartu zuen Euskal Triatloi Federazioko presidente kargua, eta postuan urtebete luze eman ostean, dimisioa eman zuen otsailaren 2an.
Kargua hartu zuenean, federazioari behar zuen gihar finantzarioa berreskuratzea, proba kopurua handitzea eta estatu mailan eta nazioartean Euskadi bezala lehiatu ahal izatea ziren helburu nagusiak, BINKEri aitortu zion moduan.
Orain ordea, dimisioa ematean, «federazioa niri bakarrik axola zitzaidala zirudiela» adierazi du. «Hasteko, gogora ekarri behar da 60.000 eurotik gorako zorretik abiatzen ginela, eta, horren jakitun, erronka handi gisa aurkezteko urratsa eman genuen, ilusioz eta nola egin behar genuen argi genuela», nabarmendu du Gomezek.
Lurralde federazioen jarrera
«Behetik lan egin dugu, kontu guzti-guztiak ebaluatuz, irtenbideak aztertzen eta bilatzen joateko, eta 2025ko urtarrilaren 31rako lortu genuen. 2025 ekitaldia itxi genuen gastu guztien gaineko 33.000 eurotik gorako emaitzarekin, zergen aurretik», azaldu du galdakoztarrak, hala eta guztiz ere, urtarrilaren 30eko batzarrean batzuek aurrekontuen aurka bozkatu zutela azpimarratuz.
Bestalde, Bizkaiko eta Gipuzkoako triatloi federazioek izan duten jarrera kritikatu du Gomezek: «Federazio bi horiek Euskal Triatloi Federazioaren atea jotzen dute denboraldiaren amaieran, izapidetutako lizentzien %65 eramateko, eta agur hurrengo denboraldira arte. Federatu gabeei ziurtagiri medikoa izatea eskatzeko esan zaie federazio bi horiei, federatuei eskatzen zaien bezala, eta ez dute onartu, parte-hartzea eta inskripzioak jaitsi egin ahal direlako. Kirolariek lehiatu egin nahi dute, federazioa alde batera utzita. Kirolari askok eta askok ez dakite presidentea nor den ere».
Kontrako aldean, Arabako Triatloi Federazioak laguntzeko izandako jarrera goraipatu du: «Euskal Triatloi Federazioak jasaten ari zen egoera larria ulertu zuen, eta benetako auzolana egiten ari da». Besteak beste, webguneaz eta gai informatiko guztiaz arduratzen ari dira arabarrak.
Eusko Jaurlaritzaren babesa
Gomezek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak hark presidente karguan jarraitzea nahi zuela adierazi zion. «Iraganera itzuli nahi ez dutela esan dute, baina nik gogorarazi diet Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoak agindu zituela 2024an 36.744 euroko dirulaguntza eskatu ez izana konpentsatzeko, eta gaur egun ez da inolako kopururik jaso», nabarmendu du galdakoztarrak.
Presidente ohiaren ustez, federazio eredu hori ez da bideragarria 1.600 lizentzia kudeatzeko: «Munduko federazio gehien dituen herrialdea gara. Lau federazio kirol bakoitzeko eta hiru lurralde-federazio, euskal federazioarekin batera. Proiektu berriei ekiteko eta ekitaldi handiak antolatzeko federazio indartsu bat nahi badugu, lurralde federazioek ez dute inolako zentzurik».
Egindako lanaz harro
Laburbilduz, «hasieran esan dudanez, federazioak niri bakarrik axola zaidala dirudi, eta egia esan, ez nago horretarako prest. Ez nago prest borroka hau bakarrik egiten jarraitzeko. Presidente kargua ez da ordaintzen, eta pertsonalki ez dut borrokan jarraitzeko beharrik federazioko kide eta protagonista guztien inplikaziorik gabe».
Jarraitu ez arren, karguan egon den bitartean egindako lanaz harri dago Gomez: «Euskal triatloiarengatik eta triatloiarentzat lortu dugun guztiaz harro nago, eta batez ere nazioarteko probetan Euskal Triatloi Selekzioaren Ofizialtasuna eskatzea aurrera ateratzeko erronka pertsonala martxan jartzeagatik».
Gomezen dimisioaren ondoren, hauteskunde prozesua ireki du Euskal Triatloi Federazioak presidente berria aukeratzeko. Prozesuari buruzko xehetasun gehiago ematen joango da federazioa webgunearen bitartez.




