
Santakurtzetako pregoilaria proposatzeko epea zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Aurten ere herritarrek aukeratuko dute Santakurtzetako pregoilaria eta prozesua hasi da honezkero. Ekainaren 17ra bitarte zabalik dago hautagaiak proposatzeko epea.
Galdakaoko Jai Batzordea eta Udala hasi dira aurtengo Santakurtzak prestatzen. Duela aste batzuk kontzertu nagusiak iragarri zituzten eta orain pregoilaria aukeratzeko prozesua hasi da.
Ekainaren 17ra bitarte zabalik dago hautagaiak proposatzeko epea. Proposamenak eta boto ematea herritarren parte-hartze plataformaren bidez egin ahal izango dira, baita Torrezabal Kultur Etxean, Urretako kiroldegian, udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarriko diren hautetsontzietan ere.
Proposamena eta botoa 16 urtetik gorako galdakoztar guztiek eman dezakete eta baldintza horiek betetzen dituzten pertsona guztiak proposatu ahalko dira Santakurtzetako pregoilari gisa. Udalak eta Jai Batzordeak ere bere proposamenak egin ahalko dituzte, emakumeen hautagaitzak egongo direla bermatzeko beharrezkoa baldin bada.
Hautagaien zerrenda osatu ondoren, Udaleko Kultura eta Berdintasun arloek proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute eta behin betiko zerrenda egingo dute. Ondoren, hori argitaratu egingo da eta herritarrek euren botoa emateko epea irekiko da, ekainaren 25etik uztailaren 6ra.
Txupineroa aldiz, aurreko urtean bezala, azkeneko jaietan parte hartu zuten kuadriletako batekoa izango da eta zozketa bidez aukeratuko da. Pregoilariaren izendapenak baldintzatuko du txupinera aukeraketa generoari dagokionez: pregoilaria gizonezkoa bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak emakumezko txupineroa proposatuko du. Pregoilaria emakumea izatekotan, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak gizonezko txupineroa proposatuko du. Eta pregoilaria ez-bitarra bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen koadrilak txupineroa nahi duen generoko pertsona proposatuko du. Berdin gertatuko da pregoilaria elkarte bat izatekotan.